11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Hitza: lea-artibai eta mutriku
Hitza: Busturialdea
  • Zerbitzua eta lana euskaraz Hitza: lea-artibai eta mutriku

Zirkuaren barrenean murgildurik

Txikitatik miretsi izan du zirkuaren mundua Lur Aranburuk eta bere ametsa betetzeko aukera izan du Gure Zirkuan

  • Lur Aranburu Etxaniz

Gaztetatik ibili da gimnastika erritmokoan Lur Aranburu Etxaniz (Ondarroa, 2004). 7 urterekin telak eta trapezioak egiten zituen Ondarroan Nahia Iparragirrerekin. Gerora, gimnastika erritmikoan hasi eta Eibarko Ipurua taldeko partaide izatea eskaini zioten. Egun, Gure Zirkuan dabil lanean, Euskal Herriko zirku ibiltarian.

Umetaz, ikastolatik irten eta Kamiñazpiko parkean ibiltzen zen itzulipurdiak ematen eta tolesten. Egun batean, guraso bat hurbildu zitzaion esanez bere lagun baten alaba gimnastika erritmikoan zebilela. Etorkizuna ikusten ziola kirol horretan, eta animatzeko esan zion. Aranburu beti egon izan da prest gauza berriak probatzeko, eta Mutrikun hasi zen. Handik urtebetera, Eibarrera bidali zuten, Ipuruara, eta hantxe jarraitu zuen bere ibilbidea, maila altuagoan lehiatzen.

Hainbat lehiaketa eta domina pilatu ditu Lur Aranburuk bigarren klub honetan: Espainiako Txapelketa, Gipuzkoako Txapelketa, Euskadiko Txapelketa eta abar. Kirol zorrotza da gimnastika erritmikoa eta diziplina handia eskatzen du. Esaterako, ikastolatik arinago irten behar izaten zuen entrenamenduetara heldu ahal izateko.

Gimnastika erritmikoa oso kirol zorrotza da. Diziplina eta jarraikortasun handia eskatzen du eta gainera, gorputza mugara eramatea behartzen du, berez gorputzak egin ezin dituen gauzak egitera alegia.”

Krisi ugari izan ditu. Lehenengoa, hankan zuntz-etendura izan zuenean bizi izan zuen; nahiz eta min handia eduki, lehiatzen jarraitu behar izan zuen. Horrez gain, 2019an apendizitisaren ondorioz, ebakuntzaren ostean geldi egon behar izan zen bi hilabetez. Geldialdi horrek hausnarketarako tartea ireki zion, baina aurrera egitera erabaki zuen. Pandemia garaian, ordea, uztea erabaki zuen. Alde batetik, lehiaketak ez ziren lehen bezalakoak, eta, bestetik, ez zeukan denborarik denera heltzeko, Batxilergoko ikasketak egiten ari baitzen.

Emakume bezala, oztopoei dagokienez, txikitatik jabetu da berak praktikatzen duen kirola bigarren mailan batean zegoela. Ez da oso kirol ezaguna izan Ondarroa mailan, batez ere, arraunarekin edo futbolarekin alderatuta. Ondorioz, bere esanetan, herriak ez ditu aintzatetsi. Espainiako txapelketa irabazi zutenean, adibidez, herrian ez zitzaion garrantzi handirik eman. Horrez gain, sarritan entzun izan ditu gizon futbolarien ahoetatik hainbat komentario, bere kirola gutxietsiz. “Lerdokeria bat izango balitz bezala: dantza egin, aparailua bota, bi txiribuelta egin eta hartu; soilik hori izango balitz bezala”.

Batxilergoa amaitu eta etorkizunean pentsatzen hasi zenean, ez zuen uste gorputzarekin zerikusia zuen ezer egingo zuenik eta psikologia ikasketak egitea pentsatu zuen. Baina ez zegoen horrekin oso konbentzituta. Beraz, ikasketa normatiboak baztertu eta bere ibilbide artistikoan gehiago barneratzeko unea zela pentsatu zuen. Familiarekin hitz egin eta haren babes osoa jaso ostean, zirkuaren munduan barrena murgildu eta Bartzelonara joan zen bere ikasketak burutzera, eskaintza anitza baitago bertan, Rogelio Rivel zentrura, hain zuzen.

Ez zen erraza izan pausoa. Herri txiki batetik hiri handi batera joatean, aldaketa nabarmena izan zen. Baina horren kontrara, artista bezala, ateak ireki zizkion Lur Aranbururi Bartzelonako esperientziak. Jendea ezagutu, entrenatu eta lan egiteko aukera eman zion.

Ondarroara buelta egin zuenean, Gure Zirkuak herrian bira bat egin zuen batean, curriculuma bidaltzera animatu zuten gaztea eta horrela hasi zen zirku ibiltarian lanean. Lana egin nahi zuen eta artista bezala bere ibilbidea garatzen joateko asmoz aukera polita iruditu zitzaion.

Beraz, horretan dabil egun, Gure Zirkuan lanean, “eta gustura”. Sartu aurretik omen zekien jende jatorra zegoela bertan, baina dio bere espektatibak gainditu dituela. Esan du familia bat aurkitu duela zirkuan, familia handi bat.

  • Garazi Burgoa Aldarondo

  • Lore Bengoetxea Ibazeta