Norbere buruari erronkak jarriz
Nerabezaroan hasi zen kirola egiten eta gaur egun, triatloien munduan dabil Ines Egiguren
-
Ines Egiguren Lekue
Ines Egiguren Lekue (Ondarroa, 1981) nerabezaroan hasi zen kirola egiten, bizkar hezurreko arazo bat zela medio. Aparatua jarri zioten, bizkar hezurra zuzen mantentzeko, eta kentzeko ordua heldu zitzaionean hasi zen kirol munduan murgiltzen, medikuaren aholkuz. Urteekin triatloiak egiten amaitu du.
Igeriketari ekin zion Egigurenek, behin bizkar hezurreko aparatua kenduta, ebakuntza saihestu nahi baldin bazuen, ez zeukan besterik igeriketako ariketa batzuk egitea baino. Beraz, igeriketarekin hasi eta kirol ezberdinak probatzen hasi zen, horien artean, korrika egiten hasi zen bere kabuz.
Orain dela urte batzuk “Aringaingan” taldean sartu zen Arantza Burgoaren gidaritzapean. “Aringaingan” taldea Emakumeen Jabekuntza Eskolatik sortutako ekimena da eta honen helburua emakumeak lotsak kendu eta kalera ateratzea da. Gustura ibili zen bertan eta triatloiak egiten hasteko bultzada izan zen.
Ordurako, bizikletan ere hasita zegoen, eta Arantza Burgoak jarritako entrenamenduekin, triatloiaren munduan sartzen joan zen. Bere helburua, bere buruari errokan jartzea izan da eta horrela hasi zen mundu horretan barneratzen.
Amatasunari dagokionez, ez du arazorik izan kirola eta amatasuna uztartzeko orduan, bere haurrak adin bat baitzeukaten bera triatloian hasi zenean eta gainera, gizona ere mundu horretan barneratuta egonik txandaka antolatzen dira umeen zaintzari dagokionez.
Nik entzun behar izaten dut: “Orain ere bazoaz?”. Zergatik ez? nire senarrak badauka eskubidea eta nik ez? Bada garaia pentsaerak aldatzeko. Badirudi umea etxea utzi eta bi ordu bizikletan ibiltzera doana ama txarra dela.
Emakumeei dei egin nahi die Ines Egigurenek, kirola egitera kalera irten dezaten, emakumeen eskubidea ere badelako. Sarritan entzun behar izan ditu “Orain ere kirola egitera zoaz?” bezalako azalpen eskaerak eta erantzun ere egin izan du, noski. Askok bezala, berak ere sentitu izan du “ama txarraren” sentimendu hori eta pentsaerak aldatzeko garaia dela uste du eta emakumeak kirola egitean, normaltasun batetik begiratzea.
-
Garazi Burgoa Aldarondo
-
Lore Bengoetxea Ibazeta