11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Hitza: lea-artibai eta mutriku
Hitza: Busturialdea
  • Zerbitzua eta lana euskaraz Hitza: lea-artibai eta mutriku

Non gogoa, han zangoa

Ume umetatik hasi zen mendi-irteerak egiten Birtu Aramaio eta gaur egunera arte iraun dio pasioak

  • Birtu Aramaio Aretxaga

Birtu Aramaio Aretxaga (Ondarroa, 1953) mendigoizalea da eta 7 urte zituenetik dabil mendian. 18 urterekin aitarekin batera hasi zen mendi irteerak egiten eta semea jaio zenean etenaldi bat egin bazuen ere, 40 urterekin berriro berrartu eta egun, 70 beteta, mendiak bere egunerokotasunaren parte izaten jarraitzen du.

Semea nagusitu zenean, lagunetik hasi zen Euskal Herriko mendiak igotzen: Anboto, Aizkorri, eta abar. Sasoi hartan gaizki ikusita zegoen emakumeak urruneko mendiak igotzera joatea, eta okerrago, bakarrik. Durangoko Mendi Taldeko bazkide egin zen duela hogei bat urte eta beraiekin hasi zen Espainiako mendiak ezagutzen. Lehenengo lau milakoa ere mendi taldearekin egin zuen, Atlasan.

Orduz geroztik hainbat izan dira Aramaiok Durangoko Mendi Taldearekin burutu dituen ibilbideak. Mont Blanceko ibilbidea da bere gogokoena hiru Alpeak pasatzen dituelako: Frantziakoak, Italiakoak eta Asiakoak.

Marimendi elkartearen berri izan zuen telebistaren bidez. Marimendi 2005ean sortu zen elkartea da eta gaur egun, 35 kide inguruk osatzen dute; guztiak euskaldunak, 40 urtetik gorakoak eta mendizaleak. Elkartea behar batetik sortu zen, Alpeetan zeudela jabetu ziren gizon eta emakumeen arteko desproportzioaz eta zerbait egiteko beharra nabaritu zuten. Nahiz eta Euskal Herriko mendietan gizon-emakume proportzioa dezente mantentzen den; Pirinioetan, nabaria da kopuru aldaketa eta hortik kanpo, zer esanik ez. Beraz, emakumeak ere mendizaleak direla aldarrikatu eta batera espedizio desberdinak egiteko sortu zen Marimendi elkartea. Horrez gain, 40 urtetik gorako emakume euskaldunak izatea dira elkartearen parte izateko beste bi irizpide. Honen parte da Birtu Aramaio. Mari jainkosa eta mendia uztartuz sortu zen izena eta goi mendietan ere emakumezkoak daudela ozen esateko modu bat izan zen.

Hainbat ibilbide egin ditu Aramaiok Marimendi elkarteko emakumeekin. Bertan sartu zenean, berriro egin zuen Mont Blanceko ibilbidea, liluratuta geratu baitzen Alpeekin. Handik bueltatzean Nepalera joan zen eta bertan, Everesteko kanpamentu nagusia egin zuen. Izan ere, gogo zeukan hura ikusteko, eta Everest azpiko mendi bat igo zuen, Kala Patthar, 5.545 metroko altueran. Gogorra izan zen ibilbidea, hilabete osoa egin zuen bertan Aramaiok baina ondo moldatu zela ikusita, handik urte bira Caucasora bidaiatu zuen, Elbrusera, 5.642 metrora.

Bertan zegoela jabetu zen mendi garaietan ibiltzeko gehiago entrenatu behar zela, eta harrezkero, Euskal Herriko mendi martxa luzeetan izena eman zuen, gutxienez 40 kilometrokoak, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan. Urtean bat egiten hasi zen, gero bi, gero hiru, gero lau… azkenean, denbora guztia mendian entrenatzen pasatzen zuen.

Behin Euskal Herrian ondo entrenatu eta gero Perura joan zen, eta hiru mendi egin zituen, nahiko garaiak, gero Dolominetara eta Patagoniara, eta handik Tanzaniako Meru eta Kilimanjarora. Baina pandemia heldu zenean, herrian bertan geratu behar izan zen, eta Ondarroa inguruko mendietara joaten zen soilik, pandemiak hala eskatuta. Itxialdia igarota, berriro hasi zen mugitzen eta gaur egun, martxa hartuta, mendiak bere egunerokotasunaren parte izaten jarraitzen du, denbora guztian alde batetik bestera.

Mendian ibiltzen hasi zenean, mendi martxa luzeetan-eta, 100 mutil eta hogei neska ziren, eta hogei nesken artean, bere adinekoak sei baino ez ziren. Nahiz eta orokorrean mendian oso ondo sentitu izan den, beti egon dira salbuespenak, eta nabaria zen mutil batzuek ez zutela ontzat hartzen emakumeak mendian ibiltzea. “Aquí vienen: ¡putas mujeres!”, bezalakoak ere entzun behar izan ditu. Beste behin, gizonezko baten zangotraba ere egin zion, bere aurretik zihoalako. Hori ikusita, Mendi federazioko antolakuntzakoek mendi martxetan parte hartzeko aukera kendu zioten gizonezkoari.

Nahiz eta horrelako jarrerak ez dituen egunerokotasunean ikusi, herri handietara joan izan direnean, Perura-eta, bai. Hango gizonezkoek ez zuten ulertzen emakumeak gizonik gabe ibiltzea, eta hori, nola uzten zieten ere ez.

Behin baino gehiagotan begiratu izan gaituzte arraro beste herrialdeetan. Emakume talde bat mendian bakarrik? Ez zuten ulertzen. Beraien emazteak izan bagina, ez liguketela horrelakorik egiten utziko ere errepikatu izan digute.”

Hainbat dira gizonezkoekin dituen pasarteak. Beste baten, Caucason, beldur apur bat ere pasatu zuten, armatuta irten zitzaielako. Arropa guztia kentzeko esan ostean, Aramaiok txilioa bota eta beste mutil biren laguntzarekin irten zen handik.

Ondorio batera ere heldu dira Birtu Aramaio eta Marimendi elkarteko beste kideak: emakumea izan arren, zer edo zer lortu nahi bada, ahalegina eginda, berdin-berdin lortu daitekeela, gizonezkoen modura, edo beharbada gehiago; gogoa jarrita nahi duten leku guztietara heldu daitezkeela, nahiz eta horretarako denbora eta baliabideak behar izan.

  • Garazi Burgoa Aldarondo

  • Lore Bengoetxea Ibazeta