11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Hitza: lea-artibai eta mutriku
Hitza: Busturialdea
  • Zerbitzua eta lana euskaraz Hitza: lea-artibai eta mutriku

Mendia: 70eko hamarkadan emakumeek Ondarroan egin zezaketen kirol bakarra

Gaztetatik lotura estua izan du Begoña Arrokerok kirolarekin eta egungo emakume kirolariei bidea ireki dio

  • Begoña Arrokero Ibaibarriaga

Emakumeak kirola egiteko eduki izan dituen zailtasunak gaztetatik ikusi ditu Begoña Arrokero Ibaibarriagak (Ondarroa, 1961). Kirolerako zaletasun handia izan du beti Arrokerok, baina  oztopoak aurkitu ditu txikitatik. Aurrera Mendi Taldeak antolatutako mendi irteeretara joaten zen haurra zela, bere izeba eta osabarekin, hori baitzen 70eko hamarkadan neskek Ondarroan egin zezaketen kirol bakarra. Eskolako jolastokian ere rolak ondo banatuta zeuden: mutilek futbola, jolastoki guztia eurenganatuz, eta neskek soka saltoa.

Jose Mari Naberan (Ondarroa, 1946-2015) izan zen Begoña Arrokerori atletismoan aritzeko bultzada eman ziona. Naberanen alaba, Nekane Naberan, Zubi Zahar Ikastolan hasi zenean, gorputz heziketan hutsunea zegoela ikusi zuen eta are gehiago, emakumezkoentzat ez zegoela ezelako kirol aukerarik jabetu zen. Beraz, Naberanen helburua Atletismoarekin guztientzako oinarrizko kirola lantzearekin batera, kirola neskei zabaltzea ere bazen. Bera izan zen Ondarroan emakumeak kirola egiteko aukerari bidea ireki ziona.

Arrokerok bazuen Naberanen berri, bere ahizpa biak joaten baitziren Saturranera, entrenamendu horietara. Orduan, bere buruan argi zenukan: “ni horra joan behar naiz”. Denbora behar izan zuen, ez baitzen ausartzen. Baina ausartu zen, ahizpa biekin batera joan zen Saturranera eta hor hasi zuen bere atletismoko ibilbidea.

15 urte zituen Begoña Arrokerok lehen aldiz Saturrango zuloz beteriko korrikako pistan aringa-aringa egin zuenean. Apurka-apurka bakoitza bere espezialitatera egokitzen joan zen eta Naberanek xabalina bat eman zion eskura gazteari. Txapelketako atean geratu zen, lesionatu egin zelako.

Jose Mari Naberan bezalako pertsona bat azaltzeak kirolerako bideak irekitzeaz gain, bizitzan bertan ere aukerak zabaldu zizkion gazteari eta horrela, monitore titulua atera eta Ondarroako institutuan gorputz-hezkuntza irakasle izateko postura aurkeztu zen. 19 urte zituen institutuan bertan irakasle bezala lanean hasi zenean.

Ondorengo emakume kirolariei jarraibidea eman die Arrokerok eta gaur egun hainbeste emakume kirola egiten ikusteak poz handia ematen dio, bere garaian ez baitzen ohikoa. Gorakada horren ondorioetako bat da kirol-materialarena, zegoen bakarra gizonezkoena baitzen: bizikletako arropak, txandala, oinetakoak… bizikletako eserlekua adibide garbia da. Arrokeroren gaztaroan ez zegoen emakumearen fisionomiara egokitutakorik. Gaur egun, ordea, bai.

Lehen ez zegoen emakumearekin pentsatutako bizikletako eserlekurik. Ipurdia eta ipurdia ez zena ere erabat minberatua amaitzen zenuen. Eta uste zenuen horrela izan behar zela!”

Egun, jubilatu berri, kirola egiten jarraitzen du, adibidez spinning, mendia edo udan igeria. Lasterketak egiteko gogoz dabil Arrokero. Izan ere, gustatuko litzaioke berriro lehiaketetan hastea, lasterketetan. Epe motzeko helburutzat du mendi lasterketa edo maratoiren bat egitea.

  • Garazi Burgoa Aldarondo

  • Lore Bengoetxea Ibazeta