11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Hitza: lea-artibai eta mutriku
Hitza: Busturialdea
  • Zerbitzua eta lana euskaraz Hitza: lea-artibai eta mutriku

Kirolaz gozatzen, presiorik gabe

Kardala, Eibar edo K3 bezalako triatloi taldeetan ibili da Nagore Basterra eta Ondarroako Koaxi Triatloi taldeko sortzaileetako bat ere izan da

  • Nagore Basterra Berridi

13 urte zituela hasi zen bizikletan eta igeriketan Nagore Basterra Berridi (Ondarroa, 1979) baina lesio bat tarteko utzi egin behar izan zuen denboraldi batez eta orduan, korrika egiten hasi zen. Batak bestea ekarri zuen eta Gerardo Sainzek, orduko Kardala elkarteko zuzendariak, animatuta bertan hasi zen.

16 urterekin Euskadiko txapeldunorde izan zen, triatloi olinpikoan eta Ermuan jokatu zen Bizkaiko duatloi txapelketan txapeldun postua lortu zuen. Astero izaten zituen lehiaketak, bai Euskal Herrian, bai Kantabrian. Bere emaitza onak ikusita, Kardalatik Eibar triatloi taldera joan zen eta handik K3ra, Bilboko nesken triatloi taldera. Eibar Triatloi Taldean 16 urterekin hasi zen eta bertan ibili zen bi urtez. Bera zen emakume bakarra. Izan ere, sasoi hartan murritza zen lehiatzen zen neska kopurua. Faltan botatzen zituen entrenamenduetako lagunak, eta gaur egun neska taldeak ikusten dituenean poz handia sentitzen du.

Egoera nabarmen aldatu da emakumea eta kirolari dagokionez. Orain dela 30 urte, Basterra gaztea zenean, ez zen ohikoa emakumeak kalean kirola egiten ikustea eta arraro begiratzen zioten sentsazioa izan du. Ez soilik kalean, medikuak ere bota zion behin: “Zertan ari zara horrenbeste kirol egiten? Helduko da momentu bat mutila emango duzula!”. Zentzugabekeria hutsa iruditu zitzaion triatletari, bere lehentasuna inoiz ez baita izan bere gorputza gizarteak inposaturiko kanonetan sartzea; bere lehentasuna beti izan da gustuko zuen hori egitea, hau da, kirola egitea.

Emakume izate hutsagatik izan ditu pasadizo batzuk gizonezkoekin. Esaterako, behin exhibizionista bat atera zitzaion bidera bizikletan zihoala, eta gaizki pasatu zuen. Bertatik pasatu zen herritar bati laguntza eskatu behar izan zion herrira bueltatzeko, susto itzela baitzeukan barruan.

Eibartik K2 taldera pasa zen eta han beste bi urte egin zituen. Talde horretan Virginia Berasategi Luna bezalako triatletak zeuden eta haren aita zen entrenatzailea, Javier Berasategi, hain zuzen. Bera izan zen Nagore Basterrari taldeko partaide izateko gonbita egin ziona. Bi urte igaro ondoren, ostera, utzi egin zuen: ez zen bateragarria unibertsitateko ikasketekin, hiru orduko entrenamenduak eskatzen baitzizkioten.

Ondarroan triatloi talde baten beharra mahaigaineratu zuten arlo horretan lehiatzen zirenek, 2000. urtearen bueltan. Kardala Triatloi Taldea desagertuta zegoen eta herritik kanpoko taldeetan zeuden denak. Beraz, 5-6 lagun batu eta Koaxi Triatloi Taldearen proiektuari hasieran eman zioten Ondarroako triatletek, Nagore Basterra zen horietako bat. Ondarroan talde bat sortu eta herriko triatloia berreskuratzea helburu izanik, herriaren laguntzarekin lortu zuten. Herriari zabaldu eta gaur egun ere horretan dabil Koaxi Triatloi Taldea.

Ondarroako triatloi taldea berreskuratu nahi genuen eta gero, herrira zabaldu. Herriaren laguntzarekin lortu genuen.”

Ikasketak, lana eta amatasuna tarteko, lehiatzeko helburua albo batera utzi zuen. Kirola egiten jarraitzen du, beti egin izan duen bezala, baina momentu honetan, presiorik gabe. Sasoi hartan bere burua asko presionatzen zuela iruditzen zitzaion, ondo pasatu eta kirolaz gozatu beharrean, sufritu egiten zuela. Beraz, helburua aldatu eta horretan dabil egun. Horrez gain, lana ere kirolarekin erabat lotuta dauka; kirola edo gorputzarekin, fisioterapeuta da eta. Beraz, ez du inoiz kirola albo batera utzi.

  • Garazi Burgoa Aldarondo

  • Lore Bengoetxea Ibazeta