Kirola, hobeto sentitzeko heldulekua
Herri Kirolaria da Ane Urresti eta hainbat modalitate probatu dituen arren sokatira eta txingak dira egun praktikatzen dituenak
-
Ane Urresti Gandiaga
3 urte zituen Ane Urresti Gandiagak (Ondarroa, 2001) kirola lehen aldiz dastatu zuenean. Igeriketan hasi eta urte pare bat egin ondoren dantza mundura salto egin zuen, balletera, hain zuzen. Egun, herri kirolaria da eta urteak daramatza kategoria ezberdinak probatu eta horietan lehiatzen.
Amak izena emanda hasi zen igeriketan, kostaldean bizita, udaran itsasoan lasai igeri egin zezan pentsatuta. Igerian jarraitu zuen, 5 urterekin balletean apuntatu zen arte. Alde batetik, Nerea, ahizpa nagusia, izan zen balletean hasteko arrazoietako bat, bera ikusirik ahizpa gazteari ere gogoa sartu baizitzaion. Beste aldetik, lehiaketetan parte hartzeko adina iritsi zitzaion eta ez zeukan horretarako gogorik.
12 urte iraun zuen bere balleteko ibilbideak. 2018an Donostiara joan zen Ingeneritza Elektroniko Industriala eta Automatismoko Gradua burutzera eta nahiz eta balleta gustura praktikatzen zuen kirola izan, Donostian ez zuen ballet konpainiarik ezagutzen eta horrez gain, ikasketak eta balleta uztartzeak, lan karga handiagoa suposatuko ziola pentsatuz, ez zuen erreala ikusten.
Adin tarte horretan saskibaloia ere probatu zuen Urrestik, 2014-2015 eta 2015-1016 denboraldiak egin zituen taldean. Zerbait berria probatu nahian, lagun batzuk komentatuta hasi zen saskibaloiko taldean. Aurrera Kirol Elkarteak saskibaloi taldea osatzeko proposamena bota zuen, neskena zein mutilena. Mutilen taldea sortzeko orduan ez zen posible izan, beraz, proposamen hori bertan behera geratu zen. Emakumeei dagokienez, ordea, talde bat osatzeko adina emakumek eman zuten izena, beraz, hortik sortu zen Aurrerako emakumezkoen saskibaloi taldea.
2020an hasi zen sokatira taldeko kirolari bezala. Ofizialki behintzat bai, baina bestela ere, bizi guztia zeraman sokatira taldeari laguntzeko helburuarekin, hainbat erakustalditan parte hartzen. Urrestiren hastapenetan bera zen emakume bakarra eta ordutik aurtengo denboraldira arte horrela izan da. Baina jendea erakartzeko modu desberdinak probatu eta gero, emakumezkoen sokatira taldea sortu da. Helburua denei zabaltzea izanik, ate irekiak eta erakustaldi desberdinak antolatu dituzte eta nahiz eta beraien espektatibak ez izan oso altuak, neska talde polita osatu du Mutrikuko Sokatira Taldeak.
Sokatira praktikatzen duen modalitatetako bat da eta Euskal Herriko txapelketan lehiatzeaz gain, Mundu mailako txapelketetan ere parte hartzen du urtero. Horrez gain, txinga lasterketan ere lehiatzen da, Gipuzkoan eta Euskal Herri maila. Ingudea, trontza, lasto altxatzea, lokotx biltzea eta gurdia ere egin izan ditu baina ez lehiatzeko, erakustaldirako soilik.
Emakumeek betidanik egin izan dituzte Herri Kirolak, baina plazan aurkezteko aukera soilik gizonezkoek zeukaten, beraz, baserrian geratzen ziren beraien lana egiten, plazaratu gabe”.
Historikoki sustraiturik egon da gizonaren figura herri kiroletan eta Ane Urrestik estereotipo horrekin hautsi du txikitatik. Nahiz eta apurka-apurka ideiak aldatzen doazen, asko geratzen da oraindik egiteko.
-
Garazi Burgoa Aldarondo
-
Lore Bengoetxea Ibazeta