Hogei urte baino gehiago karatean
Kirol desberdinak probatu ditu Maribi Moreira Guillinek bere bizitzan zehar, baina Karatea izan da hogei urtean praktikatu duena
-
Maribi Moreira Guillin
14 urterekin hasi zen karatean Maribi Moreira Guillin (Ondarroa, 1974) eta 28 urtera arte ibili zen, hardun geratu zen arte. Karatean ibili aurretik beste hainbat kirol ere probatu zituen, batik bat, futbola ikastolan eta euskal dantzak Kresalan. Bertan karate ematen hasi ziren dantzen klaseen ostean, eta ikusi zuena gustatu egin zitzaionez, izena eman zuen.
Ezkutuan eman zuen izena Moreirak, amak ez baitzuen nahi alabak euskal dantzak uzterik. Lehenengo errieta egin zioten etxean, baina ama ez da sekula damutu izan alabari karatean apuntatzen utzi izanaz.
Zenbat eta gehiago praktikatu eta ikusi, orduan eta gehiago gustatzen zitzaion karatea. Halere, bere ibilbidean aurreiritziekin egin du topo. Noiz edo noiz maisua ordezkatu beharra izan zuenean, guraso batzuek ez zuten ikusten Moreira, emakumea izanik, beraien semeei “ostiak” nola banatu erakusteko gai zenik. Nagusitan beste emakume karateka batzuekin horri buruz hitz egiteko aukera izan duenean, denek eduki dute sentsazio bera.
Maribi Moreira karatean ibili izan zen urteetan, Ondarroan, neska gutxi zebiltzan. Sasoi batean bakarra ere izan zen. Moreiraren amaren esanetan “mutillen besteko ona” izan behar zuela zeukan buruan eta maila horretara heltzeko pila bat entrenatzen zen. Tematuta ibiltzen zen karateka, gizonek bezalako kolpeak ematen zituela esaten. Lan handia egin behar izan zuen, eta bere buruari jarri zion presioa handia izan zen. Mutilen besteko indartsua eta ona zela erakutsi behar horrek zurrunbilo baten sarrarazi eta denboraldi eskasa bizitzera eraman zuen urte haietan. Kirolean emakumeek beti esfortzu gehiago egin beharrean egoten dira beraien balioak erakusteko, zer edo zelan esatearren mutilek beraien terrenora eramaten dituzte. Eta hori gertatu zitzaion Maribi Moreirari. Baina horrek ez zuen gelditu karateka gerrikoak irabazteko orduan eta gerriko beltza beste kide askok baino bizkorrago atera zuen.
Gerriko beltza beste askok baino bizkorrago atera nuen, eta jendeak uste zuen maisuarekin “zerbait” neukala edo, gizon askok baino azkarrago lortu nuelako. Begira zelako gauzak entzun behar izaten diren!”
Haurrak izan zituenean, Ondarroatik Gasteizera joan zen bizitzera eta zaila egin zitzaion dena uztartzea. Ondarroan karateko adar desberdin asko zeuden eta Gasteizera bizitzera joan zenean, berak ordura arte praktikatu zuen adarra ez zegoenez, aukeratu egin behar zuen: bere espezialitatearekin jarraitu nahi bazuen Ondarroara joan beharra zeukan, astean bi edo hiru bider, edo Gasteizen beste espezialitate bati ekin. Beti nahi izan du ikasten jarraitu eta gerriko gehiago atera, baina, faktore guztiak batuta, ama izateari lehentasuna eman zion.
Umeak hazi ostean, bueltatzeko gogoa eduki izan duen arren, ezinezkoa egin zaio: bateko lana dela eta besteko seme-alabak direla, ez du denborarik izan. Kirola egiten jarraitzen duen arren, etxean muntatutako gimnasioan aritzen da gaur egun. Bere ametsetako bat izan da seme-alabek karate ikastea, horrela izanik ere beste gogo bat izango baitzuen berak ere berriro ekiteko. Ez da horrela izan, ostera, biak baitira futbol jokalariak.
Gaur egun, berari gertatzen zitzaionaren isla ikusten du alabarengan: mutilekin lehiatzean, gehiago erakutsi beharra. Amorrua ematen dio. Bere amak beregan ikusten zuen gauza bera ikusten du bere alabarengan.
-
Garazi Burgoa Aldarondo
-
Miren Lore Bengoetxea Ibazeta