11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Hitza: lea-artibai eta mutriku
Hitza: Busturialdea
  • Zerbitzua eta lana euskaraz Hitza: lea-artibai eta mutriku

Gaztetatik baloia oinetan

Gaztetatik praktikatu du futbola Karmele Lopezek, eta Aurrera Vitoria, Athletic, Mutriku eta Artibai bezalako taldeetan jolastu du

  • Karmele Lopez Garate

Futbolaria izan da Karmele Lopez Garate (Ondarroa, 1983) eta hainbat futbol-talde igaro ditu bere kirol ibilbidean, hurrenez hurren, Artibai, Mutriku, Aurrera Vitoria eta Athletic. Nahiz eta futbola izan bere bizitzan gehien praktikatu duen kirola, Judoan ere ibili zen.

Zubi Zahar Herri Ikastolako areto-futboleko taldean hasi zen eta han urte batzuk egin ostean, futbol hamaikara pasatu zen. Behin 14 urte beteta, federatu egin zen, eta hortik aurrera talde desberdinak igaro zituen.

Artibain hasi zen, Lea Artibai eskualdeko futbol taldean eta hortik Mutrikuko futbol taldera joan zen. Mutrikun jolasten zuen bitartean Aurrera Vitoriatik deitu zioten eta gero, Athleticketik. Behin Bizkaiko taldean urte batzuk egin ondoren, berriro bueltatu zen Gasteizko taldera eta azkenik, Mutrikun burutu zituen bere azkenengo urteak, 32 urterekin utzi baitzuen futbola. Tarte horretan, Euskadiko selekzioarekin ibili zen, lehenengo 17 urtez azpikoekin eta gero 21 urtez azpikoekin.

Futboleko urte horietan judoa ere praktikatzen zuen Lopezek. Ondarroan, gerriko marroia lortu arte aritu zen, eta IVEFeko ikasketak egiten ari zela, beltza atera zuen Madrilen. Baina garai batetik aurrera, futbolean zenbat eta sartuago egon, orduan eta gutxiago praktikatzen zuen.

IVEF ikasketak burutu zituen, hau da, ikasketen barruan ere kirol asko praktikatzen zuen. Lanean hasi ostean, bai, orduan gehiago kostatzen zitzaion dena bateratzea, 30 urte zeuzkalarik. Horrela, Athleticketik Aurrerea Vitoriara bueltatu zenean, gogorragoa egin zitzaion, joan-etorriak Ondarroatik egin behar izaten zituen eta. Bi egun joaten zen entrenatzera, eta asteburuetan partida izaten zuen. Horren aurrean, Mutrikura bueltatu zen.

Hardun gelditu zenean utzi zuen futbola. Ordurako ez zegoen mailarik gorenean, eta ezin izan zuen dena uztartu. Lehenengo mailan laguntza gutxi dago amatasunari dagokionean, beraz, beheragoko mailetan oraindik gutxiago. Izan ere, badaude ez dutenak umerik eduki, ez etetearren. Baina behin umea izan ostean, Athletickeko beteranekin joan izan da, entrenatu eta partida batzuk jokatzera.

Emakume bezala, hainbat oztopo identifikatu ditu kirol jardueretan, nahiz eta oztopo horiek gizartean bertan eta egunerokotasunean ere identifikatzen dituen. Hau da, ez soilik kirol munduan. Igaro dituen talde guztietan gustura sentitu da Karmele Lopez, baina futbola, beste kirol askoren artean, eremu maskulinizatua izanik, oztopoak identifikatzea erreza egin zaio.

Bizipen asko zerrendatu ditzake futboleko genero desorekaren barruan: materiala, ordutegiak, diru-laguntzak, garraioa… faktore horietan eta gehiagotan ere identifikatu ditu oztopo edo desberdintasun horiek. Hala eta guztiz ere, nahiz eta laguntza desberdina izan, taldekideen eta familiakoen laguntza beharrezkotzat jotzen du. Dio talde kirolak aparteko babesa ematen duela,  oraindik ere gehiago giro ona badago, eta Karmele Lopezi errazago egiten zaio kirola jendearekin egitea.

IVEF eta magisteritza ikasketak dauzka, eta hezitzaile bezala betidanik ikusi izan du emakumeek zailagoa daukatela kirola egiteko, gizarte mailan oraindik ez baitago hain ondo ikusita neskek kirola egitea. Eta txikitatik lantzea beharrezkotzat jotzen du.

Pentsatzen dugu oso aurreratuta gaudela. Baina berehala jabetuko gara, ordea, mutil gehiagok egiten dutela kirola. Txikitatik landu beharreko gaia da, hortaz”

  • Garazi Burgoa Aldarondo

  • Miren Lore Bengoetxea Ibazeta