Futbolaren atea itxi eta beste mila leiho zabaldu
Athletic eta Aurrera Vitoria futbol taldeetako jokalari ohia da Leire Fernandez eta egun, kirol desberdinak probatzen dabil
-
Leire Fernandez Beitia
Leire Fernandez Beitia (Ondarroa, 1992) jarduera Fisikoan eta Kirolaren Zientzietan graduatua da eta egun, kirol teknikari bezala dabil lanean. Txikitatik futbola izan da bere kirol ibilbidea markatu duena eta Athletic eta Aurrera Vitoria bezalako taldeetan jokatu du. Behin futbola utzi eta gero, hainbat kirol probatu ditu.
Lehen Hezkuntzako 6. mailan ikastolako atletismo taldean hasi zen. Nahiz eta garai hartan urria zen eskolaz kanpoko kirol ekintzen eskaintza, Zubi Zahar Ikastolak eskaintzen zuenetako bat atletismoa zenez, bertan apuntatu zen. Ikasturte bat egin zuen atletismo taldean eta Bizkaiko txapelketan parte hartu zuen Durangoko atletismoko pistan burutu zen lehiaketan. Hurrengo ikasturtean areto-futboleko taldean hasi zen bera baino zaharragoekin.
Aurrera Kirol Elkarteak emakumezkoen areto-futbol talde bat zeukan eta jokalariek taldean sartzea proposatu zioten. Beraz, 14 urterekin futbol taldean sartu eta beste bi urte egin zituen bertan. Emakumeentzako tokirik ez eta hiru leku ezberdinetan entrenatzen zuten, beti ere, gizonen ordutegien eta jolastokiaren erabilgarritasunaren arabera: Zeledonio eraikineko jolastokian, kiroldegiko kantxan edo Anexoko futbol-zelai zaharrean. Neska talde txiki batekin hasitako taldea, hamasei neska inguruko taldea bihurtu zen. Beraz, jokalariek areto-futbola utzi eta futbol-hamaikako taldea sortzeko ideia izan zuten, baina Aurrera Kirol Elkarteak ateak itxi zizkien eta Berriatua ixan zen taldea aurrera eramateko aukera eman zien kluba.
Lau urtez jokatu zuen Berriatuako taldean eta azkenengo urtean Lezamatik deitu zioten, Athleticekin entrenatzera joateko. Baiezkoa eman eta asteartero joaten zen bertara. Berriatuako laugarren denboraldia amaitu ondoren, hurrengoa Athleticen hasi zuen eta bertan eman zituen beste bi denboraldi, zehazki, Batxilergoko bi urteak.
2010ean hasi zuen Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zientzietako Gradua Gasteizen, beraz, beste aukerarik ez eta ikasturte hasiera horretan Athletic utzi eta Gasteizko Aurrera Vitoriarara joan zen, orain arte jokatzen egon zen klubaz hitz egin eta horrela bideratuta. Aurre denboraldia Athleticekin egin ostean, zaila egin zitzaion irailean beste talde batera egokitu beharra, lehenengo urtea zen etxetik kanpo, talde berri batera zihoan, eta gainera, bere ama hizkuntza euskara izanik, gazteleraz komunikatzea arrotza egin zitzaion. Baina denborarekin egokitu eta lotura eta harreman oso onak egin zituen.
2014an amaitu zuen Leire Fernandezek Gasteizko etapa, behin ikasketak amaitu zituenean Eibartik deitu zioten, kirol sektoreko enpresa baten lan egiteko, beraz, Aurrera Vitoriako bere ibilbidea ere bertan amaitu zen. Horrela, ibilbide profesionalari hasiera eman zion eta Ondarroara egin zuen buelta. Nahiz eta buruan futbola uzteko ideia izan zuen, Mutriku Futbol Taldeko deia jaso zuen. Karmele Lopez lagunak taldean sartzea proposatu zion, bera ere jokalaria baitzen garai hartan.
Sei urte egin zituen Mutrikuko Futbol Taldean Fernandezek, lehenengo bi urteak jokalari, hirugarrena jokalari-entrenatzaile eta hurrengo hiru urteak, entrenatzaile soilik. Mutrikuko taldeak futbolarekiko zeukan perspektiba apur bat aldatu zion. Fernandezek beti lotu izan du futbola lehiakortasunarekin, baina Mutrikura joan zenean konturatu zen, lehiakortasun horretaz gain, beste modu batera ere praktikatu zitekeen kirola zela, aisialdiari gehiago lotuta, irabaztea edo galtzea zentroan egon gabe eta taldeko harremanak eta giro ona erdigunean jarrita.
Mutrikuko taldean ikasi nuen lehiakortasunari garrantzi gutxiago eman eta taldeko giro onari eta lagun harremanei bestelako pisua ematen.”
Mutriku Futbol Taldean hiru urte zihoala lesionatu zen, baina inoiz ez zuen krisi bezala hartu, inflexio-puntu bezala baizik. Urtebete zeraman futbolaz gozatu gabe, motibaziorik gabe, eta horrez gain, lanean eta ikasten ere bazebilen. Inflexio-puntu hori aprobetxatu zuen jokatzeari utzi eta entrenatzaile postuan jarraitzeko. Beste hiru urte egin zituen entrenatzaile lanetan eta 2019an agur esan zion futbolari. Ez zen erabaki erraza izan Fernandezentzat futbolarekin zeukan lotura apurtzea, baina dio erabaki ona izan zela.
Nahiz eta futbola duela lau urte utzi, kirol munduan murgildurik jarraitzen du Leire Fernandezek, bai lanari dagokionean, bai jarduera fisikoa praktikatzeko orduan. Egun, kirol teknikaria da, baina bere burua formatzen jarraitzen du. Esaterako, duela gutxi lortu du irakaskuntzako masterreko titulua. Horrez gain, Mutrikuko eta inguruko herrietako emakumeekin batera, pala txapelketetan ibili izan da. Halere, gaur-gaurkoz, bizikleta hartu eta Lea-Artibaiko kostaldean barrena ibiltzea eta Euskal Herriko mendiak igotzea du gustuko Fernandezek. Hainbeste urtetan futbolak hartu dion denbora kirol desberdinak probatzeko eta bere burua gehiago ezagutzeko erabiltzen du orain.
-
Garazi Burgoa Aldarondo
-
Lore Bengoetxea Ibazeta