Estereotipoak apurtuz, mugak gaindituz
Kirolari munduan denetatik probatu du Ainara Arrizabalagak eta egun, mendi lasterketatan dabil buru belarri
-
Ainara Arrizabalaga Urkiza
Ainara Arrizabalaga Urkiza (Ondarroa, 1976) kirol munduan murgilduta ibili da txikitatik. Euskal dantzetan hasi zen 3 urterekin eta ez da gelditu ordutik. Haurra zen garaian eskolaz kanpoko ekintzen eskaintza oso urria zen eta urriago oraindik emakumeentzat, beraz, baloia edo patinetea hartu eta Zubi Zahar Herri Ikastolako jolastokian ibiltzen zen alde batetik bestera.
Lehen Hezkuntzan hasi zen futbolean entrenatzen baina txapelketen orduan, ez zegoen emakumezkoentzat lekurik. Taldeak ez ziren gizon-emakumezkoek osatuak eta ez zegoen emakumezkoen talderik. Beraz, futbolaz gozatzeko aukera bakarra entrenamenduetara joatea zen. Hamar urte zituela eman zuen izena lehen aldiz eskolaz kanpoko kirol batean. Nahiz eta etxean balleterako proposamena egin zioten, judoa izan zen berak aukeratu zuen bidea. Txapelketetan parte hartzen hasi eta Euskal Herriko txapeldun eta txapeldunorde postuak lortu zituen. Behin 15 urte beteta, judoa utzi zuen.
Kontzientzia duenetik genero zapalkuntzaren jakitun egon da Arrizabalaga. Bere kirolerako gogoa ez zen nahikoa futbol talde baten edo betidanik maskulinizatua egon den eremuan jokatzeko, emakumeek ez baitzeukaten lekurik hor. Beraz, emakume kirolaria izateak eragin zuzena izan du bere bizitzan, besteak beste, gizonezkoek baino aukera gutxiago izatea eta haiek beraientzat hartutako espazioetan bere lekua aurkitzea. Horren ondorioetako bat izan da haurtzarotik beregain eraman duen “mari-mutil” ezizena.
Adinean aurrera egin ahala, nesken areto-futbol taldea sortu zuen Arranondok eta nahiz eta ez zen lehen emakumezkoen taldea izan, denbora luze baten lehenengoa zen, urte nahikotxo aurrerago egon baitzen emakumezkoen lehenengo taldea. Arrizabalaga eta bere lagun bat ziren taldeko gaztetxoak; adin-tarte handia atzeratzen zieten taldeko nagusiagoek. Edurne Burgoa Arrizabalaga eta Arantza Burgoa Arrizabalaga ahizpekin ondo gogoratzen da. Nahiz eta taldeko kideak zaharragoak izan, jolasteko aukera izan zuten bi gazteek eta bi-hiru partidu jokatu eta liga amaitu zenean, hor amaitu zen taldearen etorkizuna. Halere, Arrizabalagak beste modu batzuk aurkitu zituen futbolaz gozatzen jarraitzeko: lagunarteko partiduak, ikastolako olinpiadak, etab.
Ondo egiten genuen, onak ginen futbolean baina futbol kontuan garrantzia zeukatenak mutilak ziren”
Judoa, futbola, eskalada… beti gustatu izan zaio kirola Ainara Arrizabalagari eta haurrak izan ondoren, nahiz eta apur bat albo batera utzi, urte batzuetara berriro berrartu zuen. Mendi bueltak egiten hasi zen hasieran, eta apurka-apurka erronka berriak betetzen dabil. Ondarroako Kalamendiko erronkarekin hasi zen pandemia garaian, eta azkenean bi handiak egiten amaitu du.
Mendi lasterketetan jarraitzen du eta 2023an Tolosako Alpino Uzturre Taldeko partaide izateko proposamena jaso du. Mendia maite du Arrizabalagak eta aukera “ona” izan da talde honetan sartu izana, batik bat, mendian aritzen diren beste emakumezko asko ezagutu dituelako eta horrek ilusio handia egiten dio.
-
Garazi Burgoa Aldarondo
-
Lore Bengoetxea Ibazeta