11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Hitza: lea-artibai eta mutriku
Hitza: Busturialdea
  • Zerbitzua eta lana euskaraz Hitza: lea-artibai eta mutriku

Egunerokotasunetik irteteko modu bat

Futbola izan da bere pasioa txikitatik baina azken urteetan mendiko bizikleta hartu eta mendiz-mendi ibili da Nagore Elu

  • Nagore Elu Arantzamendi

Nagore Elu Arantzamendi (Ondarroa, 1992) txikitatik da kirolaria eta zerrenda luze bat idatzi genezake praktikatu duen kirol guztiekin. Profesioz, ordea, ikerlaria da, Biokimika ikasi ondoren ikerkuntzara bideratu du bere ibilbidea eta egun Edinburgoko Unibertsitatean dabil, postdoktore lanetan.

Futbola izan du pasio txikitatik eta 2003an hasi zen Mutrikuko Futbol taldean, 10 urte zituela. 16 urterekin, 2009an, Eibarko taldearekin debutatu zuen eta bost denboraldi egin zituen bertan. Tartean, superligan lehiatzeko aukera ere izan zuen. Bost denboraldi Eibarko taldearekin egin ondoren Mutrikura egin zuen buelta, beste hiru urtetarako. Behin hiru urte horiek igaro ondoren, futbola utzi zuen eta amaitutzat eman zuen bere futboleko ibilbidea. Nahiz eta futbola beti izan den gehien gozatu duen eta gustatzen zaion kirola, Eibarren bere buruari jarritako presioa dela eta disfrutatzeari utzi zion.

Behin futbola utzi zuenean Ondarroako Koaxi triatloi taldean hasi zen, zerbait berria probatzeko gogoa baitzuen, eta ibilbide horretan ere lortu zituen hainbat sari. Koaxik antolatutako trialoi herrikoan parte hartu zuen eta gustura sentitu zen. Hortik, taldean sartzea proposatu zioten eta onartu egin zuen berak.

2017an mendiko bizikletan lehiatzen hasi zen, Bizkaiko Kopa Trailean. Beti gustatu izan zaizkio bizikleta eta mendia, eta egun batean biak uztartzea bururatu zitzaion, gaur egunera arte. Hainbat lorpen bereganatu ditu: BKT eta Green Series Bizkaiko txapelketetan lortutako lehen postuak, edota Eusko Bike Challenge lasterketan lortutako lehen postua. Aipatzekoa baita hiru egunetan gelditu gabe egin zuen Basque Expedition Race raila ere, oinez, bizikletan, kayakean eta rappelean. BKT txapelketan irabazi zuen lehen lasterketa, Zamudion, euri zaparraratan. Ordura arte ez zeukan inoiz banakako lasterketa batean orokorreko lehen postua lortuta eta nahiz eta lasterketa txikia izan, berezienetako bat da Nagore Elurentzat.

Denetarik probatzea gustatu izan zaio gaztetatik, besteak beste, judo, arrauna, atletismoa, eskalada, txirrindularitza, igeriketa, triatloia, mendi-bizikleta eta orientazioa. Eta, probei dagokienez, denetik egin du, adibidez, Antiguako ermitako igoera, 2018an Azkoitia-azpeitia maratoi erdia eta Lekeitioko Otoioko kronoeskalada.

Green Series txapelketan parte hartzen zuen bitartean Bilboko Miribillako Mountine bike taldean ere ibili zen eta nahiz eta bakarkako kirola izan, beti izan da kirola taldean egitearen aldekoa. Talde horren parte izateak aukera eman zion bakarkako kirola taldean egiteko, laguntzaile talde handia baitzeukan atzean. Lehiaketaz kanpo ere izugarrizko garrantzia ematen dio taldeari eta beti pozten da mendian lagunen bat aurkitzen duenean.

Bi mundu dira emakumeei dagokienez kirol bakoitzean aurkitu dudana: batetik, futbolean hasi nintzenean topatu nuena, babesik gabea, eta orain biziketan hasi naizelarik topatu dudana. Erabat desberdina. Urte asko pasatu direlako ere izan daiteke!”

Nagore Elurentzako kirola beti izan da egunerokotasunetik irteteko modua, estresa gutxitzeko eta hobeto sentiarazteko. Beraz, ez du arazorik izan biak uztartzeko orduan. Egun, Eskozian bizi da eta zailagoa egiten zaio kirola egiteko denbora ateratzea, han egunak oso motzak eta hotzak baitira. Hala ere, lanera sartu aurretik spinning-era joaten da, eta arratsaldean aringa-aringa egitera edo bizikletan ibiltzera.

  • Garazi Burgoa Aldarondo

  • Lore Bengoetxea Ibazeta