11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Hitza: lea-artibai eta mutriku
Hitza: Busturialdea
  • Zerbitzua eta lana euskaraz Hitza: lea-artibai eta mutriku

Eguneroko borrokaz, zelaiak irabazten

Futbola izan da Edurne Burgoaren esparrua eta emakumezkoek futbol-zelaia berain partzela sentitzea izan du helburu

  • Edurne Burgoa Agirregomezkorta

Umetatik futbola izan du gogoko Edurne Burgoa Agirregomezkortak (Ondarroa, 1967) eta futbol mundutik egin du bere kirol-ibilbidea, nahiz eta atletismoarekin hasi zen kirola eta bere arteko harremana. Ikasketei dagokienez ere, argi zeukan Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien arlotik jo nahi zuela. Gorputz Hezkuntzako irakasle eta Ondarroako Aurrera Kirol Elkarteko entrenatzaile da gaur egun.

Nahiz eta futbola izan pasio, garai haietan emakumezkoen talde batean jokatzeko aukerarik ez zuenez, jolastokiko orduak aprobetxatzen zituen ikaskideekin futbolean aritzeko, eta horren ordainetan erantzun itsusi asko entzun behar izaten zituen.

Beraz, futbolean aritzeko aukerarik ezean, atletismoan hasi zen Jose Mari Naberanekin, 12 urte zituela. Hasieran Bizkaian zehar lehiatzen zen, Galdakao, Fadura eta inguru horretan. Neguan krosak egiten zituen eta udaberrian pistako proben garaia heltzean, horietan ibiltzen zen buru belarri. Urte batzuk geroago Donostia aldera joaten ziren Naberanekin, astean behin bertara joaten baitziren entrenatzera, entrenatzailearen kotxean.

Horrela hasi zen gaztetan Atletico de San Sebastian taldean. Proba desberdinak egiten zituen eta emaitza onak lortu ere bai. 300 metro hesietan EAEko errekorra egin zuen eta proba konbinatuetan, sei proba desberdin bi egunetan, Espainiako txapelketan hirugarren postuan gelditu zen.

Tarte horretan, ama izan zen eta atletismoa utzi behar izan zuen, nahiz eta Naberan ahalegindu zen berak jarraitzeko entrenamenduetako hitzorduak jartzen, ezinezkoa egin zitzaion dena uztartzea. Hasieran entrenatzen jarraitu zuen eta Kamiñazpira joaten ziren Naberan eta Burgoa, haur eta guzti. Baina Naberani ere geroz eta zailago egiten zitzaion lana eta atletismoa bateratzea eta gazteak ere, beste lehentasun batzuk zituen. Halan eta guztiz ere, bere kontura jarraitu zuen kirolean, eta familiak bultzatuta, aukera eduki zuen IVEF ikasketak egiteko Gasteizen, alegia, bere bidea egiteko.

Naberanekin topo egitea gauza handia izan zen Edurne Burgoarentzat. Alde batetik, kirol bat ezagutzeko aukera eman ziolako, horrek dakarren guztiarekin, eta, bestetik, lanbide baterako bidea egin zuelako, IVEF ikasketen bitartez, kirolarekin erabat lotuta. Pertsona garrantzitsutzat du Jose Mari Naberan eta bizitza erabat markatu dion pertsona bat bezala deskribatzen du gaur egun.

Behin ikasketak amaituta eta lanean hasita, 2000. urtean, Mutrikuko Futbol Taldetik deitu zioten, eta taldean jokatzeko proposamena egin. Urte batzuk egin zituen jokalari bezala eta ondoren, entrenatzaile postua hartu zuen. Bi denboraldi burutu zituen bertan eta bitartean entrenatzaile tituluak atera zituen.

2005. urtean Athleticen deia iritsi zitzaion, emakumezkoen lehen taldeko bigarren entrenatzaile izateko. Hilabete batzuk egin zituen bertan, baina segituan dimititu zuen, egoera ez zelako ona. Klubak hasieran egindako apustuari uko egin eta nesken egoerak okerrera egin zuen, eta Edurne Burgoak argi zeukan ez zuela egoera horren konplize izan nahi.

2005-2006 denboraldian Iñigo Juaristi Athleticeko lehen entrenatzaile zela Burgoari berarekin bigarren entrenatzaile izateko proposamena egin zion. Baietz erantzun eta denboraldi horretan liga irabazi zuten. Athleticeko neskek irabazten zuten bigarren liga izan zen hura. Izugarrizko erantzuna izan zuen zaleen partetik.

Lehenengo taldean jarraitu zuen 2008-2009 denboraldirarte, eta 2010-2011 denboralditik 2011-2012ra bigarren taldeko lehen entrenatzaile aritu zen. Talde horretan, lehenengo urtean liga irabazi zuten eta bigarren urtean bigarren postua lortu zuten. Horrez gain, Euskal Herriko kopa ere irabazi zuten Eibarren aurka.

2012tik 2017ra berriro lehen taldera igaro eta prestatzaile fisiko lanetan ibili zen. Urte horietan, bi kopako final galdu zuten. Horietako bat, Bartzelonaren aurka Melillan, penaltietan, eta bestea, Españolen aurka Madrilen, luzapenean. Baina 2015-2016 denboraldian liga irabazi zuten, Athleticeko emakumezkoek irabazi duten azken ligan txapelketa.

Bera gorputz hezkuntzako irakaslea izanik, lana eta entrenamenduetako joan-etorriak uztartzea zaila egiten zitzaion. Beraz, neska infantiletara pasatzeko aldaketa eskatu zuen eta talde horrekin hasi zen. Liga errez irabazi ondoren, beste helburu batzuk jarri zizkioten taldeari. Tartean, lagunarteko partida asko jokatzen zuten mutilen aurka eta horko jokalari asko, gaur egun, lehenengo taldean daude. Nahiz eta entrenatzailearen asmoa talde horrekin jarraitzea izan, klubak bigarren taldea hartu behar zuela eta eta bertan aritu zen beste bi urtez.

Athleticen aldaketa asko eman ziren azken bi urte horietan eta klubeko bere ibilbidea bukatutzat eman ondoren, herrira egin zuen buelta, Ondarroara. Aurrera Kirol Elkarteko zuzendaritza aldatu ostean mutil gazteen taldeko entrenatzaile izateko eskaera egin zioten, eta baiezkoa eman ostean, lehenengo denboraldian liga irabazi eta mailaz igo zien. Eta 2023an, hirugarren geratu ondoren, berriro mailaz igo ziren. Gaur egun, neska alebinak entrenatzen ditu klub berdinean, Iban Bilbaorekin batera. Aurrerako emakumezkoen taldean egitura egonkor bat sortzea da beraien eta baita klubaren helburua.

Aurrera Kirol Elkarteko emakumezkoen taldean egitura egonkor bat sortu nahi dugu, etorkizuna izan dezan. Klubaren eta entrenatzaile bion helburua da hau.”

Emakume bezala futbolaren munduan borroka etengabe bat bizi izan du Edurne Burgoak. Egunero gogorarazi behar da emakumeak ere hemen daudela eta futbola ere beraien tokia dela; beraien partzela; eta existitzen direla. Nahiz eta Athletic bezala talde barean egon gizonezkoei tokia kentzera joan diren pertzepzioa izan du beti eta neketsua egin zaio batzuetan, futbolean bereizketak askoz nabarmenagoak direlako. Baina bide horretan borrokan ibili da beti eta gaur egun ere badabil, oraingoan, bere herrian, gainera.

  • Garazi Burgoa Aldarondo

  • Lore Bengoetxea Ibazeta