Bizikleta gainean inoiz baino gusturago
Anaiaren bidea jarraituz hasi zuen txirrindularitzako ibilbidea Amaia Leonek
-
Amaia Leon Etxaburu
Amaia Leon Etxaburuk (Ondarroa, 1997) txikitatik ezagutu izan du txirrindularitza. Nebaren lasterketak ikustera joaten zen sarritan, eta hortik piztu zitzaion grina. 10 urterekin hasi zen Aurrera Txirrindulari taldean, 2007an, eta 14 urterekin Durangoko “Ciclos Iturriaga” taldera joan zen, kadete mailan ez baitzegoen emakumezkoen talderik Ondarroan. 2013an Iurretako CAF Transport Engineering taldean egon zen eta 2014an Durangoko Txirrindulari Elkarteko Beste Alde-Orue eskolan.
Selektibitate garaian, ezin izan zituen ikasketen eta lehiaketaren erritmoa uztartu, beraz, lehiaketa albo batera utzi eta urtebete bizikleta hartu gabe egon zen. Hor izan zen bizi izan zuen lehenengo krisia. Ez zen momentu erraza izan Leonentzat, presio handia zeukan ikasketei zegokienez, Fisioterapiako Graduan sartzea zen bere ametsa, eta selektibitatea atarian, horretara jarri zen buru-belarri. Bere buruari jarritako presio horrek ondorioak ekarri zizkion psikologikoki.
2016an berrartu zuen bizikleta, gehiago gozatzeko eta bizikletarekin zeukan harremana osatu eta estutzeko helburuarekin. Berriro kirolarekin kontaktatzeko gogoarekin hasi zen eta aurretiaz bizitakoa ahazteko beharra zeukan.
2017an Ondarroako Koaxi Triatloi Taldean sartu zen, nebak bultzatuta, bere ibilbidea jarraitu baitu txikitatik. Beraz, Triatloi mundura hurbiltzen hasi zenean probatzeko gogo sartu zitzaion eta bide batez, korrika eta igerian trebatzeko aukera luzatu zion bide horrek. Berriro kirolaz gozatzen hasi zen eta 2016ko iraileko Zarauzko triatloia egitea zen bere helburua. Hori lortu zuenean sartu zen herriko triatloi taldean, jarraipena emateko asmoz.
Hurrengo urteko triatloi denboraldia prestatzen zegoela, belauna kaltetu zitzaion eta bigarren krisi bat izan zuen bere kirol-ibilbidean. Ez zen garai ona izan txirrindulariarentzat, momentu horretan bizikletan gustura zebilen eta gogotsu zegoen, baina momentu batetik bestera apurtu zitzaizkion espektatiba guztiak eta mediku batetik bestea ibili zen. Lehiaketak alde batera uztea ez zen erabaki erraza izan, denboran zebilen zalantza horrekin buruan, ez zeukalako argi, bizikletak gauza asko eman baitizkio bizitzan. Lesionatu zenean, ordea, ez zuen aukeratzeko astirik izan, eta horrek gogor jo zion psikologikoki.
Hirugarren krisi bat ere izan du oraintsu: bizikletan eroriko bat izan eta bigarrenez hautsi zuen klabikula. Berriro baieztatu du bizitzan jarritako espektatiba horiek segundo batean ezabatu daitezkeela eta hori kudeatzea ez zaio erraza egin. Katalunian bizikletan zebilela apurtu zuen berriro klabikula eta buruan ere kolpe bat hartu zuen. Orain arte izan duen krisietan, hirugarren hau bereziki nabarmendu du, psikologikoki soilik ez, fisikoki ere min handiak izan baititu. Medikuz mediku ibili zen, baina diagnostiko argirik gabe, eta horrek frustrazio handia eragiteaz gain, bere lesioa denboran luzatzea eragin zuen. Apurka-apurka badabil krisi horretatik atera eta bizikletaz berriro gozatzen, ingurukoen laguntzarekin.
Inork ez digu horrelako krisiak gestionatzen erakutsi. Osasun mentalari ez diogu benetan duen garrantzia ematen.”
Gaur egun, Gasteizen bizi da eta Donostiako Deustuko Unibertsitatean Fisioterapiako Gradua ikasten dabil. Betidanik izan du Fisioterapia ikasteko ametsa eta nahiz eta gazteago zela selektibitateko notagatik aukera hori galdu zuen orain dela hiru urte momentua ikusi zuen bere ametsa berrartu eta buruan zituen ikasketei ekiteko.
Betidanik izan da bizikleta bere kirola eta bere horretan jarraitzen du gaur egun ere. Lehiaketa eta lasterketen presioa albo batera utzi eta gaur egun, gozatzeko helburuarekin jarraitzen du eta inoiz baino gehiago dabil bizikletaz disfrutatzen. Gasteiz inguruan ibiltzen da bizikletarekin eta bertako emakume txirrindulariekin batera irteten da errepidera. Gustuko duena eginez jende desberdina ezagutzeak motibazio gehigarri bat eman dio.
-
Garazi Burgoa Aldarondo
-
Lore Bengoetxea Ibazeta