Autoardura: bakarkako kirolean, beharrezko faktorea
Lau urte egin zituen atletismoan eta guztietan emaitza bikainak lortu zituen Iraia Beirok
-
Iraia Beiro Montasterio
Iraia Beiro Monasterio (Ondarroa, 1991) txikitatik izan da kirolaria eta denetarik probatu du bere kirol ibilbidean zehar. Futbolean hasi zen lehenengo, Aurrera Kirol Elkartean eta atletismora jausia egin zuen ondoren eta Lekeitio, Durango edo Bilbo bezalako taldeetan ibili zen.
Futboleko urteetan jabetu zen emakumea bigarren mailako protagonista zela. Gainera, futbola, oso kirol maskulinizatua izanik, emakumeak bigarren planoan daudela identifikatzea erraza egin zitzaion. Futbolean zebilela, bere gelakide batzuk atletismoan izena eman zuten Lekeition, arreta piztu zion Beirori, sekula ez zuen atletismoa jarraitu, eta aldatzeko gogoa zeukanez, probatu egin zuen.
Beraz, 14 urterekin probatu zuen atletismoa. Hainbat frogatan aritu zen: aringa-aringa, jauzia eta pisu jaurtiketa, adibidez. Denbora igaro ahala, espezializatzen hasi zen eta berak, jaurtiketari ekin zion, pisu eta xabalina jaurtiketari, hain zuzen.
Xabalina txapelketetan postu onetan geratzen zen, eta gutxieneko marka lortu zuen Espainiako txapelketara joateko. Euskal Autonomia Elkartearen taldearekin joan zen, eta irabazi egin zuen. Horrez gain, bakarkako Espainiako frogarako txartela ere lortu zuen. Taldearekin joan zen froga horretara, eta hor ere lehenengo postuan gelditu zen. Atletismoan hasi eta lehenengo urtean bertan lortu zituen emaitza horiek.
Emaitza onekin hasi zuen atletismoko ibilbidea eta pozik zegoen horrekin. Beraz, jarraitu egin zuen, batez ere, xabalinarekin, batzuetan pisu jaurtiketa ere egiten zuen arren. Lau urte egin zituen kirol honetan eta guztietan lehenengo postua edo podiumaren barruan sartzea lortu zuen.
Lau urte horien ostean, zaila egin zitzaion ikasketak eta atletismoa uztartzea, oso gogorra egiten zitzaion, eta utzi egin behar izan zuen. Krisi bezala identifikatzen zu Iraia Beirok sasoi hori. Izan ere, markak hobetzea kostatzen zitzaiola ere ikusten zuen. Kontziente zen adin batetik aurrera teknikak hobetu behar direla atletismoan, eta horiek hobetu ezean, zaila dela markak hobetzea. Horrez gain, alturaz baxua izan da beti eta bere lehiakideekin alderatuz, oraindik gehiago. 1,60 metro berak, 1,70-1,80 metro artean bere lehiakideek. Eta ez soilik altura: indarra ere hor sartzen da, eta nahiz eta Beirok nahikoa eduki, ez zeukan aurkariek bestekoa. Beraz, desabantailan sentitzen zen.
Horrez gain, zailtasunak izan zituen lekuetara heltzeko orduan. Durangon, Bilbon edo Lekeition entrenatzen zuen eta garraio publikoa erabiltzen zuen horietara heltzeko, baina denbora asko kentzen zion horrek eta ahalegin handia eskatzen zion. Beraz, bigarren batxilergoan utzi egin zuen atletismoa.
Talde kirolean, taldearen babesa daukazu, baina ardura ere bai. Atletismoan ere bai. Hala ere, azken horretan, faktore zehatza “autoardura” da. Nahiz eta ondo egin, nahiz eta txarto egin, zeure ardura da. Beraz, taldearen babesa dagoen arren, ez da talde kiroletan bezala.
-
Garazi Burgoa Aldarondo
-
Miren Lore Bengoetxea Ibazeta