Arraunean zein herri kiroletan, emakumeen lekua aldarrikatuz
Trontzan, zaku eramaten, lastoa altxatzen eta sokatiran ibili da Mariluz Arizmendiarrieta, Euskal Herrian eta baita hemendik kanpo
-
Mariluz Arizmendiarrieta Bakeriza
Arraunlaria eta herri kirolaria izan da Mariluz Arizmendiarrieta Bakeriza (Ondarroa, 1967). 1982an atera zuten emakumeen batela eta 1983. urtera arte iraun zuen. Hortik, herri kiroletara egin zuen jauzia eta bide horretan murgildutik ibili zen hainbat urtean.
1990. urtean hasi zen sokatiran, eta horrekin batera, beste kategoria batzuk ere probatu zituen. Hamar urte egin zituen eta urte horietan hainbat txapelketetan parte hartu zuen, Euskal Herrian eta baita hortik kanpo ere. Suizan, Herbereetan, Ingalaterran eta Frantzian egin zituzten txapelketa batzuk eta txapel batzuk ekarri zituzten handik Euskal Herrira. Baina berton ere lortu zituzten hainbat garaipen erbestera joan ahal izateko. Trontzan, zaku eramaten eta lastoa altxatzen ere aritu zen, hau da, denetarik egin zuen.
Sokatira munduan emakume talde gehiago ere bazeuden, eta beraiek, zortzi neska ziren Mutrikun. Baina hala ere, emakumeen parte-hartzea beste era batera ikusten zen. Gizonezkoen kiroltzat jo izan denez beti, emakumea sokatiran ikustea ez zen oso serio hartzen. Herriz herri hasi ziren ikustaldiak ematen, gizonezkoekin batera eta udaletik hitzordua lotzeko orduan nabarmendu egiten zuten emakumeak ere nahi zituztela ikustaldi horietan. “¿Pero traed a las chicas, eh?” bezalakoak entzun behar izaten zituzten, ikuskizun bezala hartzen baitzuten. Izan ere, ez zen emakumerik ikusten lan batzuk egiten, batez ere hiriburuetan, eta ikuskizun modura ikusten zuten emakumeen parte-hartzea. Auzoetan, ordea, ez zen gauza bera. Auzoetan emakumeak ikusten ziren herri kiroletan, hiriburuetan ez bezala. Testuinguru horretan, emakumeak ez zeukan erraz herri kirolak praktikatzeko orduan.
Arraunari dagokionez, oztopo ugari izan zituzten. Bertan ibili zirenean, emakumeentzat ez zegoen ezer prestatuta, aldagelarik ere ez. Horrez gain, emakumeen presentzia txantxa bezala hartzen zen garai hartan, gutxietsi egiten zituzten emakume arraunlariak eta hauek, arraunean egin eta beraien lekua besterik ez zuten eduki nahi.
Nahiko traba jartzen zizkiguten eta ez gintuzten serio hartzen. Begiratu oraindik gaur egun nolakoa den pentsaera, imajinatu orain dela 40 urte!”
Urteen joan-etorriarekin eboluzioa egon da, arraunean esaterako. Arizmendiarrietak izugarrizko inbidia sumatzen du gaur egun emakumeak arraunean ikusten dituenean. Hala ere, argi dauka egiteko asko dagoela, aldaketarako bidea hasita dagoen arren.
-
Garazi Burgoa Aldarondo
-
Miren Lore Bengoetxea Ibazeta