Kirola: krisiak kanalizatzeko bidea
Triatloi munduan ibiltzeaz gain, emakumeak kirolean eremu pribatutik publikora atera daitezen lanean dabil buru-belarri Arantza Burgoa
-
Arantza Burgoa Agirregomezkora
Arantza Burgoa Agirregomezkorta (Ondarroa, 1965) kirolaria eta gorputz hezkuntzako irakaslea da. Kirol ezberdinak probatu ditu gaztea zenetik, baina orokorrean triatloi munduan ibili da. Horrez gain, emakumeak espazio pribatuetan kirola egitetik espazio publikoetara ateratzeko proiektuak dinamizatzen ere badabil, hala nola, “Aringaingan taldea”.
Gaztea zela mendi irteerak egiten hasi zen Aurrera Mendi Taldearekin eta Jesus Mari Naberanek eskolaz kanpoko jarduera bezala atletismoko taldea sortu zuenean, bertan apuntatu zen. Ikastolatik institutura pasatu zenean atletismoan jarraitu zuen, eta beste bi talde pasatu zituen Madrilera, bere ikasketak burutzera, joan zen arte. Zornotzako eta Atletico San Sebastian atletismo taldeetako partaide izan zen behin Zubi Zahar Herri Ikastola utzi eta institutuan zebilela.
Ikasketak ere kirolaren inguruan burutu zituen Burgoak, INEFeko lizentziatura atera zuen bost urtez Madrilen eta ikasi bitartean, lehiatzen jarraitu zuen. Madrilen zegoela sortu zen triatloi mugimendua baina atzera bota zen. Sasoi horretan, ez zekien bizikletan ondo, eta lasterketako bizikletan are eta gutxiago.
Madrileko ikasketak amaitu ondoren, Ondarroara bueltatu zen, eta herrian, igeri taldea sartu zen, Elena Fernandezen bitartez, entrenatzailea behar zuelako. Fernandezek umeak entrenatzen zituen, eta Burgoak, berriz, nagusiak. Taldea egin zuten bost urtean eta oso ondo konpondu ziren. Arantza Burgoak taldea utzi zuenean, hasia zegoen hezkuntzan klaseak ematen, bere ahizpa Edurne Burgoak hartu zuen bere postua eta beste bost urte egin zituen. Ondarroako igeri taldean hasieratik izan dira dute emakumeek entrenatzaile ardura.
2009an triatloi munduan barneratzen hasi zen. Horren aurretik kros mistoak egiten zituen eta ondoren ekin zion triatloiak egiteari. Pixkanaka, bizikletarekin moldatzen hasi zen, eta seme-alabek eta senarrak oparitutako materialarekin, lehiaketetan parte hartzen hasi zen. Lehenengo, ikasten hasi zen eta gutxinaka beste maila batera igo eta entrenatzailea hartu zuen. Bien bitartean mendiko zeharkaldiak ere egiten zituen.
Emakume bezala beti bultzatu izan ditu emakumeak kalean kirola egitera. Lehen kiroldegian lau katu ibiltzen ziren, eta makinetan zebiltzan emakumeak animatzen zituen kanpora irtetera. Horrela, behin, auto bitan joan ziren Lilatloia egitera Donostiara.
2011an udalean sartu zen, kirol zinegotzi bezala eta kanpainen bidez jendea kirolera bultzatu nahi izan zuen udal taldeak. Antolatutako ekimenen artean Kalamendiko esperientzia izan zen arrakastatsuena. Hurrengoa izan zen erronka: urtebetean egunero Kalamendira ondarrutar bat igotzea. Horren bidez, neskak mendian kirola egitera animatu nahi izan zuten, eta nahikoa neska dabiltza ordutik mendiko zeharkaldi eta lasterketetan parte hartzen.
Horrez gain, sasoi hartan, Aurrera Kirol Elkarteari eta arraun elkarteari nesken taldeak ateratzeko eskatu zieten. Bi elkarteek sortu zuten nesken taldeak, nahiz eta Aurrerako futbol taldeak ez zuen asko iraun, gaur egun neska txikien taldea dago. Nesken arraun taldeak, ordea, arrakasta izan zuen eta egun, neska gazte asko dabiltza arraunean Ondarroan.
Beranduago, berdintasun sailak “Aringaingan” proiektua dinamizatzeko proposatu zion; emakumeak lotsak kendu, eta kaleratzeko. Beraz, 2014an hasi zen Burgoa proiektu horrekin. Emakume talde bat batu eta herrian zehar korrika egiten zuten. Hasieran, herritarrek arraro begiratzen zieten, baina denborarekin geroz eta emakume gehiago batu ziren proiektura. Gaur egun ere martxan jarraitzen du proiektuak eta lasterketa eta triatloi desberdinetan parte hartzen du Burgoak bere “Argingaingan” taldeko emakumeekin.
Emakume modura beti bultzatu izan dut emakumeak kalera aterarazi eta kirola egitera bultzatzea. Lehen kiroldegian lau katu ibiltzen ginen, eta makinetan zebiltzan neskak animatzen nituen kanpora irtetera.
Bere kirol ibilbidera bueltatuz, betidanik egin izan du kirola, eta krisiak kanalizatzeko helduleku du. Orain arte, nahi dituen emaitzak lortu izan ditu eta horretan jarraitzeko asmoarekin dabil Arantza Burgoa.
-
Garazi Burgoa Aldarondo
-
Lore Bengoetxea Ibazeta