11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Tiratzailearen begiak

Tiratzaileak egin ezin duena egiten du tiro olinpikoko gidariak, hau da, ikusten ez duena. Saioan keinuen eta ukimenaren bidez komunikatzen da harekin, eta dio horrek konplizitate handia eskatzen duela

  • Maite Badiola Akarregi

Maite Badiola Akarregi (Ondarroa, 1971) tiro olinpiko egokituko gida da. Hori praktikatzeari ekin aurretik, eskiatu egiten zuen, baina lehiatu gabe. Badiolaren bikote Ager Solabarrieta Txakartegi tiro olinpiko egokituan parte hartzen hasi zenean, berarekin joaten hasi zen; lehenengo laguntzera, eta gero gida lana egiteko. Aldi batean Bilbora joan-etorrian ibili ostean, “serioago” hartu eta portuan hasi ziren entrenatzen, Badiolaren amaren lokalean. Solabarrietak praktiketarako hamar metroko distantzia behar duenez eta lokalak horretarako bermea ematen duenez, berau egokitu zuten, eta bertan aritzen dira ordudanik.

Emaitzak bata bestearen atzetik etorri dira. 2022an Noruegan Europeoa irabazi  zuten, eta errekorrak urtero ateratzen dituzte. Orain arte lortu duten emaitzarik garrantzitsuena 2023ko Limako munduko txapelketa bikoitza izan da: modalitate bietan irten ziren garaile: etzanda eta tente.

Solabarrietak Goi Mailako Kirolari izendapena dauka (gaztelaniaz Deportista de Alto Nivel edo DAN). Badiolari, ostera, ez diote horrelakorik onartzen, itsuen gainerako gidei onartzen ez dieten bezala. FEDEk (Federación Española de Españoles para ciegos) bai, eta eskaera bideratu dio CSDri, hots, Kiroleko Goi Mailako Batzordeari, berak ere gauza bera egin dezan. Horrek oraindik horrelako urratsik eman ez duen arren, Badiola pozik dago aurten estreinako Solabarrietarekin batera bera ere zoriondu egin dutelako.

Neuk egiten dut Agerrek tirokatzeko egin ezin duena, hau da, ez duena ikusten

Gidaren papera azaldu du Badiolak. “Neuk egiten dut Agerrek tirokatzeko egin ezin duena, hau da, ez duena ikusten. Adibidez, jomugan argia ipini, mahaia ipini, karabina ipini eta kargatu, karabinako osagaiak ipini, Ager behar den tokian ipini tirokatzeko, hari ze tiro egin duen esan eta denbora kontrolatu. Ezin gara berbaz komunikatu, baizik eta keinuekin eta ukimenaren bidez. Komunikaziorako gaitasun hori, konplizitate hori, egunerokotasunean hartzen duzu. Agerrek dioen modura, gu, gidariok, euren begiak gara”.
Solabarrieta eta biak mindfulness egiten hasi ziren, eta ordudanik argi bereizten dituzte txapelketak, entrenamenduak eta entrenamendutik kanpokoak. “Mindfulness bizitzeko era bat da. Ihes egiten laguntzen dizu, eta lehen aldean hobeto daramagu dena. Edozein kiroletan modura, burua hotza eduki behar duzu. Gero eta kasu handiagoa egiten zaio aldagai psikologikoari, eta mindfulness bera gero eta ohikoagoa da”, dio Badiolak.

Ordu eta laurden edukitzen dute 60 tiro botatzeko, eta denbora horretan tiratzaileak adi egon behar dira, geldi, mugitu barik. Beraz, meditazio teknika arreta mantendu eta pentsamenduak berbideratzeko baliatzen dute, ze Badiolak azaldu duenez, eurena ez da 60 tiroko txapelketa bat, baizik eta tiro bateko 60 txapelketa, tiro egin ostean berriro kargatu beharra dagoelako (tiro bakarreko eskopetak dira), eta batetik besterako tarte horretan Solabarrietak “burua kudeatu beharra” daukalako. Hark dio zehaztasun handia eskatzen duela, eta edozein mugimendurekin tiroa aldrebestu daitekeela.

Aste barruan egun batean ez, gainerakoetan egunero entrenatzen dute, eta asteburuetan txapelketarik ez daukatenetan Logroñora joaten dira entrenatzera. “Hantxe gaude federatuta  lizentzia lortzeko beste biderik ez zitzaigulako geratu, ze nazioarteko mailan lehiatu ahal izateko entrenamendu eta txapelketa dezente behar izaten dira, eta bertoko federazioak hiru baino ez ditu antolatzen. Federazio konbentzionaletik Errioxako lizentziak dauzkagu; eta egokitutik, Euskadiko kirolariak gara”.

Kirol garestia da tiro olinpiko egokitua. “Jantziak 2.000 euro balio ditu, eta urte bi iraun ohi ditu. Balin kutxa batek 14 euro balio ditu, eta egun bitan agortzen dugu. Karabina bi dauzkagu, bakoitza 4.200 eurotik gorakoa, bata tentekoa da eta bestea etzandakoa. Jopuntu elektronikoak beste 1.000 euro balio ditu: horretan laguntza daukagu, ze guk herena ordaintzen dugu; eta beste bi herenak, euskal federazioak eta klubak. Horrez gain, Kide kooperatibak ere dirua eman digu”.

Gastu horri osterenak gehitu behar zaizkio. “Bidaia hutsetan, materiala kontatu barik, 8.000 euro gastatzen ditugu urtean. Estatu mailako bidaiak gastuetatik bereizita daude, horiek federazioaren kontu baitoaz”.

Nahiz eta tiro olinpikoari denbora asko dedikatzen dioten, jarduerak ase egiten ditu, eta Badiolak dio bera ez duela mugatzen beste gauza batzuk egiteko. “Ager entrenatzen dagoen bitartean ni beti begira nago, baina ordu asko dira, eta ni kontrolatzen egon arren, beste gauza batzuk ere egin ahal izaten ditut. Ordenagailuak gustatzen zaizkit, eta formatzen egoten naiz. Neure zaletasunetarako tartea daukat, beraz”, adierazi du Badiolak.

Gaur egun tiro olinpiko egokitua ez dago kirol olinpiko modura onartua. Izendapen hori lortuko balu, Solabarrieta eta Badiola 2028ko Los Angeleseko Olinpiar Jokoetara joango lirateke.

  • 11barri