Talentuaren engranajea
Maite Legarra Eizagirrek hainbat enpresei lagundu die talentu estrategiak diseinatzen.
-
Maite Legarra Eizagirre
Maite Legarra Eizagirre (Aulesti, 1990) MONDRAGON Korporazioko erakarpen eta talentu garapeneko taldekidea da
Ibilbide profesionala:
Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza Gradua (2012).
Doktorea Mondragon Unibertsitatean Antolakuntza-ondorengotzaren prozesua interes-taldeen ikuspegitik: Gipuzkoako ETE baten kasu-azterketa longitudinala tesiarekin (2017).
Mondragon Unibersitateko ikerlari eta irakasle (2012tik 2023 urtera)
Eroskiko Errektore Kontseiluko presidentea 2026ko ekainetik gaur arte.
2017tik Talentua Erakartzeko egitasmoetan dabil, batez ere, Unibertsitate master bat koordinatu du urte luzez eta hainbat enpresei lagundu die talentu estrategiak diseinatzen eta aurrera eramaten. Hauxe egoera Legarrak dioenez: “Kanpo testuingurua asko ari da aldatzen. Demografia arazo handi bat daukagu. Alde batetik, pertsona kopurua dago: Babyboom garaikoak erretiroa hartzen dabiltza, baina geroz eta gazte gutxiago daude horiek ordezkatzeko. 2030. urtean nabaria izango da ikasle jaitsiera unibertsitateetan zein Lanbide Hezkuntzan. Eta bestetik, profiletan ere badaukagu erronka”. Izan ere, bere esanetan, bolumenari beste hau ere gehitu behar zaio: geroz eta pertsona gutxiagok aukeratzen dituztela zientzia, ingeniaritza eta teknologia esparruko lanbideak. “Ehuneko hori nabarmen jaisten da emakumeei buruz ari garenean, lanbide estereotipoak eraginda”.
Horren aurrean, enpresak mugitu beharrean daude. “Langile kopuru handiak erretiratuko dira, eta aurretiaz planifikatzean dago gakoa. Trantsizioak erpin asko ditu: ezagutzaren kudeaketa, arlo emozionala, kulturala… ondo kudeatu beharreko egoera da.” nabarmendu du.
Bestalde, dio lanarekiko harremana ere aldatuz doala. “Gure aurrekoentzat lana oso garrantzitsua zen; erdigunean zegoen. Gaur egun, aldiz, kontziliazioak, norberarentzat denbora edukitzeak, pisua hartu dute. Txip aldaketa handia da aurreko belaunaldiekiko”. Ez dira gazteak soilik txip aldaketa ekarri dutenak: gizarte osoa aldatu da: “Urte batzuk dauzkagu aldaketarako prestatzeko”, esan du.
Horretan guztian, beste aldagai bat ere hartu behar da kontuan aulestiarraren arabera: immigrazioa. “Populazio hori lan merkatuan integratu dadin, enpresetan langileei formakuntza eskaintzeaz gain, dibertsitatea bera onartzeko prestatu behar gara. Pertsonak eta prozesuak”.
Eta zelan erakartzen da talentua? “Ez daukat makilatxo magikorik. Enpresa bakoitzak bere bidea egin behar du, nork bere abiapuntua eta baliabideak dauzka. Eta bereizten dituzten ezaugarri kulturalak kontutan hartu behar dira. Baina hiru ardatz garrantzitsu azpimarratuko nituzke: ikuspegi estrategikoa edukitzea — epe ertain-luze batera begira ipintzea— , kudeaketa prozesuak esperientzia bereizgarri bat eskaintzera begira jartzea —hautaketa prozesuak eta garapenerako prozesuak edo ikaste kurba ondo diseinatuta edukitzea eta hobetzen joatea— eta erakunde bakoitzaren kultura barneratzea —argi izatea nola egin nahi ditugun gauzak—”.
Azken hori hobeto azaltzeko, Lea-Artibaiko enpresen ezaugarriei erreparatu die. “Eskualdeko enpresa gehienak enpresa txikiak, familiarrak, edo kooperatibak dira, eta berton bizi eta lan egitea eskaintzen digute; hau da, gure lurraldean inpaktu positibo bat egiteaz kezkatzen dira. Hala ere, egiteko modu hori etengabe landu behar da fruituak biziraungo badu, eta langileak prozesu horren parte egin behar dira. Oso aberatsa da parte-hartze mekanismo horiek abian edukitzea”. Hori horrela dela ulerturik, eskualdean bertan Leartibai Fundazioarekin batera lurraldeko talentua erakarri, fidelizatu eta garatzeko ideia garatzen dihardute.
Emakumeei buruz ere esan ditu hitz bi. “Datuek erakusten dute kristalezko sabaiak hor dirauela, nahiz eta sentsibilitate bat badagoen horiek ezabatzeko. Ibilbide bat hasi bada ere, asko daukagu egiteko. Arazoa sarreran dago, hezkuntzan. Ez gaituzte animatzen ikasketa jakin batzuk egitera. Ez gaituzte ahalduntzen erabaki guneetan egoteko. Hortaz, industria lanetara heltzen den emakumeen bolumena txikia da, eta oso inguru maskulinizatuarekin egiten dute topo”.
Euskararentzat ere lekua aldarrikatu du Legarrak. “MONDRAGONen euskara aldagai garrantzitsua da, balio handia ematen diogulako euskaraz lan egiteari eta euskaraz bizitzeari. Garrantzitsua da enpresak argi izatea euskararenganako daukan jarrera, eta horren arabera prozesuak ahalbidetzea pertsona oro integratzeko. Berez, gai izan beharko ginateke edozein pertsona bertakotzeko, nahiz eta testuinguru euskaldunean lan egin. Horretarako mekanismoak ipini behar dira, eta bide bat eraiki”.
Erronkak
Etorkizuneko erronkei buruz galdetuta, hauxe dio: “Testuinguru ekonomikoa gero eta zailagoetan mugituko dira enpresak. Horren aurrean, alde batetik, enpresak prestatu egin behar gara argi edukitzeko ze motatako pertsonak behar ditugun, ze eskaini behar diegun eta non dauden, eta beste alde batetik, hezkuntza zentroetatik gazteen orientazioan bidelagun izan behar dugu, lanbide estereotipoak apurtu behar ditugu, ze, ados, emakumeei dagokionez, bide bat zabaldu da, baina asko dago egiteko, bai hautaketari dagokionez, bai garapenari dagokionez, eta kristalezko sabaia ekiditeko prozesuak martxan jarri behar dira. Bestalde, euskarari beste begirada batekin heldu behar diogu. Orain arte, arazo modura landu dugu, eta nik uste aukera bat dela. Aniztasuna hemen dela bistakoa izanda, euskara integratzailea izan behar da, eta mekanismoak jarri behar ditugu horrek horrela izan jarrai dezan”.
-
11barri

