11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Su gabe ez da kerik

Lara Burgoa Etxaburu Lanbide Heziketako irakaslea da eta Tknikan egiten du lan. Tknika Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa da, LH zentroetan berrikuntza sustatzeko helburuz sortutako tresna

  • Lara Burgoa Etxaburu

 

Lara Burgoa Etxaburuk (Ondarroa, 1987) Tknikako Departamentu teknologikoan dihardu, eta horren baitako Robotika autonomoa espezializazio arloko arduraduna da. Sail horretan robotikaren inguruko zaintza teknologikoa egiteaz eta teknologia robotiko berriekin esperimentatzeaz arduratzen da LHko beste irakasle batzuen laguntzarekin. “Lanbide heziketako irakasleak jardunaldi osoan zentroan daude eskolak ematen, eta ezagutzak zaharkituta geratzen dira. Hori gerta ez dadin, nire espezializazio arloan, berritasunak jarraitzen ditugu, besteak beste, esperientzia batzuk bertotik bertora ezagutuz edo azoketara joanez”.

Ondarrutarraren sailean, robotikako teknologia berritzaileak antzematea dute helburu, “hau da, etorkizunean errealitatean inplementatuko diren teknologiak”. Hortaz, Tknika prebentziorako erraminta da, eta “merezi duena” identifikatu ostean, bertako irakasleak teknologia horietan trebatzen dira. Hainbat plataforma robotiko dauzkate esperimentatzeko eta ikasteko, eta ikasitakoa erakustea da hurrengo urratsa, hau da, ezagutza Lanbide Heziketako zentroetako irakasleei transferitzea. “Ez dauka zertan izan formakuntza konbentzional baten bitartez. Edozein iniziatibak balio ahal du ezagutza kanalizatzeko, egokia bada. Formula erakargarria topatu behar! Nire ikasleak, nire “publikoa”, beti izaten dira elektrizitatea eta elektronikako familiako irakasleak, informatikariak eta noizean behin mekanikariren bat”.

Nahiz eta apustuak beti ondo irten ez, hori ere lanaren parte da. “Esaten digute ez edukitzeko beldurrik kale egiteko; hori pasatzen denean ikasiko dugula hori ez dela bidea, baizik eta beste bat. Beraz, huts egiteko aukera ematen digute. Are gehiago: horretara animatu ere bai”. Euren egunerokotasunaren parte da ziurgabetasuna. “Onartu behar duzu zeure lanaren arrisku bat dela. Zeu zarela lehenengoa ilaran, eta zeuk hartzen dituzula erabakiak. Aurreikuspenak ez betetzea naturala da. Ez da erraza horrekin bizitzea, baina hori da dagoena”.

Ibilbidea

Burgoa bizitzan suertatu zaizkion egoeratara moldatzen joan da. “Beti egon izan naiz denetarako prest. Ze lanbide eduki nahi nuen argi-argi eduki izan ez badut ere, sartu izan naizen lekuetan ondo moldatu izan naiz”, esan du. Ze ikasi; horixe izan zen bizitzako bere lehen bidegurutzea, eta ikuspegi praktikoarekin askatu zuen. Gauzak ulertzea eta logika erabiltzea gustatzen zitzaiola eta, zientziaren eta teknologiaren esparrura mugatu zen lehenbizi, eta telekomunikazio ingeniaritzan eman zuen izena unibertsitate ikasketak aukeratzean, “bai elektronika, bai informatika uztartzen dituelako”.

Bluetooth haririk gabeko komunikazioaren teknologiaren inguruan egin zuen ikasketa amaierako lana, eta hari buruz ere esan ditu bi hitz. “Bluetooth-en laugarren bertsioa atera zuten garai hartan, Bluetooth Low Energy. Ordura arteko bertsioetan ikusi zen bateria asko kontsumitzen zuela, eta hori arazoa zen, adibidez, telemedikuntzarako, dispositiboa ezin zelako denbora askoan funtzionatzen egon. Horren inguruko proiektua zen”.

Lizentziatura amaitu zuenean, 2008ko krisiak harrapatu zuen, eta bigarren aldiz aurkitu zen ataka berean. “Berriro tranpolinean hutsera jauztea bezalakoa izan zen”, adierazi du. Beharraren faltan, urtebetean eskola partikularrak ematen eta tabernan egin zuen lan, ikasketak alboratu gabe.

EHUn sistema txertatuen masterra egin zuen eta horri esker, Ikusi Multimedia enpresako ikerketa eta garapen arloan aritu zen hainbat urtez, telebistako seinaleen prozesamendurako ekipoen diseinu eta garapenean. 2020 urtean, Covid betean, berriro heldu zitzaion galdera: “Orain, zer?”. CAPa ateratzea erabaki, eta irakaskuntzan hasi zen, lehenengo informatikako irakasle, eta gero, lankide batek animatuta, Tknikan, gaur egungo lantokian.

“Beti gizonez inguratuta” egon dela onartu arren, gustura egon da. Telekomunikazioko nire promozioan emakumezkoak eta gizonezkoak erdi eta erdi egon ginen. Hortik aurrera, ostera, andrazko oso gutxirekin egin dut lan. Dena dela, eta onartuta ere sektore batzuk oso polarizatuta daudela, ni neu sekula ez naiz sentitu epaituta eta deseroso. Beharbada zerikusia edukiko du etxean ikusi dudanak ere, familiako emakumeak etxetik kanpo ere lanean ezagutu ditut eta”, arrazoitu du.

Lanaz haratago

Lana bizitzaren parte bat dela aldarrikatu du, “ez besterik”; alegia, pertsona lanbidean daukan ardura baino gehiago dela. Hori dela eta, azken urteetako okupazioak horretarako aukera ematen dionez, balletean hasi da berriro, 18 urtera arte aritzen zen diziplinara. “Sentitzen dut balletak eta balletean bizi izan dudan guztiak pertsona modura eraiki egin nauela”, esan du. Horrekin batera, beste zaletasun bat ere aipatu du: bidaiatzea.

Asoziazionismoaren esparruan, Ondarroako Zientziaren giltzak-eko kide da, kultura zientifikoa Ondarroan eta horren inguruan zabaltzea helburu duen elkartea. “Iruditzen zait herrian horrelako talde bat edukitzea eta hilean behin aditu bat bertora ekartzea luxua dela”. Aitortu du behin baino gehiagotan frustrazioa sentitu izan duela berak nahiko lukeena baino gazte gutxiago batzen zaielako.

“Aldiz, hizlariak oso pozik egon izan ohi dira parte-hartzea ikusita, eta jarraitzera animatzen gaituzte. Eta egia da, zeren eta haiek esanda konturatzen zara Zientziaren giltzak-en ekimenek proportzioan jende asko batzen dutela, gure herriaren neurria aintzat hartuta. Bestalde, uste dut taldeari leku eman behar zaiola, eta egiten duen lana balorean jarri behar dela”.

  • 11barri