11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Punta zorrotzez

Kazetariak beti eduki duen senari erantzun eta umorezko bakarrizketara jauzi egin du

  • Ana Goitia Erkiaga

Kazetaria eta infuencer-a, eta orain umoregilea. Ana Goitia Erkiagak (Lekeitio, 1981) izena egin du komiko euskaldunen artean. “Bizi guztian barruan eraman izan dut beti. Monologo bat egin nahiko nukeela esan ohi nuen, eta nire amets hori egia bihurtzeko aukera eduki dut”, azaldu du. Etxean, ETBn, eduki zuen aukera estreinatzeko, Barre librea programan. Han eroso sentitu, eta probatzen jarraitu zuen. “Antton Telleriak gonbidatuta, saio txiki batekin hasi nintzen, eta horren ostean, neure buruari esan nion beharbada momentua heldu zela neuk bakarrik bakarrizketa luze bat egiteko”, gogorarazi du.
2024ko azaroan estreinatu zuen Katana.  “Ni hasi nintzenean oso bakarrizketari gutxi zeuden; eta emakumeak, are eta gutxiago. Egon bazeuden ere, gutxi aritzen ziren bakarka. Inguruak animatu, eta ikuskizuna prestatu nuen”. Eta berehala konturatu zen jendeak umorea eskatzen zuela. “Euskal komedia lo bezala egon da urte batzuk, eta bakarrizketei ekin genienok hasi ginen konturatzen jendeak badaukala umorerako gogoa; beharrezkoa zela”.
Emanaldiak batetik bestera heldu dira. Izan ere, formatuak gero eta zaletu gehiago dauzka. “Denbora gutxian asko aldatu da panorama. Euskaraz gero eta gehiago dago, zorionez, eta euskal komediaren berpizkundearen parte sentitzen naiz”.
Komediante bakoitzak bere estiloa dauka, eta horrela definitzen du Goitiak berea. “Nire estiloa batez ere espresiboa da, naturala, eta egunerokotasuna oso kontuan hartzen duena. Asko inprobisatzen dut, eta saio bakoitza bakarra da, aldatu egiten da-eta publikoaren, lekuaren eta egunaren arabera. Nahiz eta aditua izan ez, kontatzen dudana bizi egiten dut. Oso sutsua eta emozionala naiz”.
Bakarrizketa saioetarako formakuntza jaso izanagatik, egunerokoa da beretzat eskolarik onena. “Beti zaude ikasten, uneoro. Hala ere, nik asko egiten dut neuretik: gustatzen zait saioetan neure esentzia egotea”. Bestalde, bere ustez, edozein gai eraman ahal da oholtzara. “Jakin egin behar zelan”, zehaztu du. “Oso garrantzitsua da jakitea ze garaitan gauden, non gauden eta zelan egin behar den umorea. Edozerk ez du balio umorea egiteko, baina bai ikutu ahal da edozein gai”. Lodifobia da euretako bat. “Neure egunerokoaren parte da. Bizi guztian egin izan diot barre neure buruari lodifobia hori eramaten jakiteko, errazago eroateko. Goitik behera menperatzen dut gai hori. Azken batean, egunero bizi duzun gauza bat errazago defendatuko duzu beste edozer baino”.
Estereotipoak ezbaian jarri nahi ditu Goitiak. “Badirudi emakumeek ezin dietela gai batzuei ekin, edo era jakin batera antzeztu behar dutela. Horrekin ere apurtu nahi dut, alegia, normalizatu den horrekin. Ez daukat lotsarik. Gainera, behar ere behar da gauzak naturaltasunez kontatzea”.
Helburuei buruz ere esan ditu berba bi. “Nik jendea zoriontsu sentitzea nahi dut, momentu batean besterik ez bada ere. Barre egitea; eta txisa egin behar badute, txisa egin. Eta bide batez, hausnartzea”. Puntu horretan, berriro azpimarratu du umorearen beharra. “Uste dut behar egin dugula bizi garen garaian bizitzeko, eta euskal komediari babesa eta lekua eman behar zaiola”.
Bide batez, esker oneko sentitzen da ikusleen harrerarekin. “Neure ametsik ederrenean ere ez nuen pentsatuko hain ondo hartzea. Iruzurtiaren sindromea hor dago, bai, eta emanaldi bakoitzean neure burua zalantzan jartzen egoten naizen arren, oso ondo irteten du. Gozamena da. Nik hauxe nahi dut nire bizitzan. Ez dakit zelan ez dudan egin arinago”.

  • 11barri