Pilotak klubetan egiten du lehen punpa
Itziar Lete Andonegik urte asko daramatza Gipuzkoako Zesta-punta Federazioan lanean, ardura desberdinetan. Gaur egun zuzendaritzan dago.
-
Itziar Lete Andonegi
Itziar Lete Andonegi (Mutriku, 1968) aspalditik dago zesta-puntari lotuta. 2002an Mutrikuko zesta-punta eskolaren sorreran eta sustapenean parte hartu zuen Jon Iñaki Mendizabal Goxarri puntista eta senarrarekin batera, eta Gipuzkoako Federaziorako jauzia eman zuen gero. Lehenengo zuzendaritzan egon zen; 2020tik 2025era, lehendakari; eta gaur egun, berriro zuzendaritza taldean dago.
“Etxean pilota giroa egonik, natural-natural sartu nintzen Federazioan. Egia esan, lehendakari izatea proposatu zidatenean, kostatu egin zitzaidan erabakia hartzea. Baina hauxe pentsatu nuen: emakumeak ez bagara animatzen ardurazko postuak hartzera, beti gizonezkoek jarraituko dute. Eta horrela animatu nintzen”, adierazi du.
Estreinako Gipuzkoako Zesta-punta Federazioan sartu zenean helburu bi zeuzkan: Batetik, zuzendaritza batzordearen eta kluben arteko harremanak estutzea, “askotan federazioa urruti ikusten delako”, eta bestetik, “jokamolde ahulenak indartzea, hau da, emakumeak, zesta-punta bera eta kirol egokitua”. Azken atal horretan egindakoaren adibide, lehendakari izan zen garaian Berdintasun plana onartu zuten, eta batzorde bat sortu hori lantzeko. Zikloa amaituta, pozik dago egindako bideaz. “Lehen baino hobeto lagatzen ahalegindu gara. Hala ere, oraindik asko dago egiteko”, adierazi du.
Bidea ez da erabat leuna izan. “Egia esan, erakundeetatik gauzak erraztu egin dizkigute, eta ondo hartua sentitu izan naiz. Hala ere, onartu beharra dago pilota oso maskulinoa izan dela. Oraintxe dago ikusgarritasun gehiago lortzen emakumea pilotan”.
Letek dio Gipuzkoako Zesta-punta Federazioaren helburuetako bat dela zuzendaritza batzordean emakumeak egotea. Horren erakusle, osaketa: lau emakume daude, “gizonezkoen beste, gutxi gorabehera”. Hain zuzen, andrazkoen presentzia aldarrikatzen du berak. “Emakumeak leku guztietan egon behar gara, jokatzen ez ezik, baita teknikari arduretan, epaile lanetan, zuzendaritza karguetan eta bestelakoetan ere”, argitu du.
Herri mailan ere lanean darrai. Mutrikuko Danok bat pilotazale elkartearen idazkaria da. “Pilotaren oinarria klubetan eta elkarteetan dago. Haien eguneroko lanari esker, haur eta gazte askok pilotan lehen urratsak ematen dituzte, eta klubetatik ateratzen dira gerora erreferente bihurtzen diren pilotari asko. Guztion artean pilotari etorkizuna eman nahi badiogu, ezinbestekoa da klubak zaintzea eta haien lana babestea”.
-
11barri

