Osasuna eta Euskara, letra larriz
Mediku euskaldunen inertziak iraultzeko dinamikak martxan jarri ditu hainbat profesionalekin batera
-
Leire Egiguren Urrosolo
Leire Egiguren Urrosolo (Ondarroa, 1980) Mendaroko ospitaleko larrialdietako medikua da.
Mediku ikasketak EHUn egin zituen 1998tik 2004ra, eta Familia eta Komunitateko Medikuntza espezialitatea 2005etik 2009ra. Orduz geroztik, Debabarreneko ospitaleko urgentzietan dihardu lanean, eta 2019tik ZIU mugikorrean ere bai.
Egigurenek dio medikuen formakuntza sekula ez dela eteten. Hain zuzen, Mendaron Bihotz biriketako bizkortzearen lantaldearen partaide da, eta horren baitan, birziklatzeaz gain, lankideak birziklatzen ere badihardu. Horrez gain, ikasitakoa sozializatzearen aldekoa denez, lehen sorospenerako saioak eskaini izan ditu jaioterrian Aiora Gartzia erizainarekin batera, bai elkarteetan, bai ikastetxeetan. Dena dela, bere ustez, gaia oinarrizko hezkuntzan txertatu beharko litzateke, eta herritarrak egoera larri jakin batzuen aurrean erantzuteko prestatu. “Gero eta herri kardio osasuntsuagoak dauzkagu: hainbat eta hainbat desfibriladore daude inguruan, eta herritar guztiek jakin beharko lituzkete erabiltzen, ez bakarrik osasun-langileek”, esan du.
Medikuen aldarrikapenei buruz galdetuta, Egigurenek erradiografia egin du. “Osasun sistema gainezka dago: lehenik, ez dago nahiko sendagilerik ordezkapena bermatzeko; bigarrenik, gizartea zaharkitzen doa eta haiei bideratutako zerbitzuak eta esfortzua biderkatzen, eta hirugarrenik, gero eta gehiago eskatzen diogu osasungintzari, eta larrialdietara jo erraz-erraz —gogoratu larria den guztia edo arduratzen gaituen guztia ez dela urgentea —. Hori ikusita, hezkuntza publikoaren joera da osasun publikoan barik osasun pribatuan inbertitzea”.
Euskararen osasuna ere bada aipagarri. Nahiz eta aitortu profesionalen artean ahozko harremana gero eta euskaldunagoa dela —belaunaldi gazteak osasungintzan sartu ahala gertatutako fenomenoa —, idazteko orduan hutsunea dago, esan duenez. “Horren oinarrian geure konplexuak daude. Guk egiten ditugun txostenak normalean beste profesional batek irakurri behar dituenez (esate baterako, beste espezialista batek edo herriko medikuak), euskaldunok ere gaztelaniara jo ohi dugu”. Erremintei dagokienez, hor dago Itzulbide itzultzaile neuronala. Halere, argitu duenez, hori euskaraz ez dakien jendeari enfokatuta dago. “Ez du balio txosten bat euskaraz idazteko; eta berba teknikoak eta esamoldeak gaztelaniaz barneratuta dauzkagunez, historia klinikoak euskaraz sortzeko, narratzeko, erraztasuna falta zaigu”.
Horren aurrean, hainbat profesionalek txapelketa bat antolatu zuten Mendaroko mediku euskaldunen artean alta txostenak eta bilakaera orriak euskaraz egitea sustatzeko, helburu bikoitzarekin: batetik, hizkuntza hegemonikoaren aurrean euskara gailentzea, eta bestetik, idazkuntzan euskaraz trebatzea. “Erderaz ere aurreidatziak sortuta egoten dira. Nahikoa da horiek pazienteari egokitzea. Bada, orain gu euskarazkoak sortzen ari gara. Ekimena zabaltzen ari da, gainera, orain Donostian gauza bera egiten ari dira eta”, azaldu du. Bide horrek zerbitzu ona bermatzen du, Egigurenen arabera. “Ikerketek frogatu dute hizkuntza berean komunikatzeak osasun arreta egokiagoa ahalbidetzen duela, pazienteari hobeto ulertzen zaiolako eta berak ere azalpenak hobeto barneratzen dituelako”. Norabide berean legoke zirkuitu euskaldunak sortzea ere, “alegia, jende euskaldunari euskarazko arreta bermatzea patologia edo prozesu berarekin lotuta espezialista batengana baino gehiagorengana jo behar duenean. Badabiltza profesional batzuk horretan”.
-
11barri

