11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Munduari feminismotik begira

Berdintasuna egunero hartzen diren erabaki txiki eta handietan islatzen da Marixe Noyak dioenez, eta egunero borrokatu beharra dago haren alde

  • Marixe Noya Arrizabalaga

Marixe Noya Arrizabalaga (Markina- Xemein, 1978) berdintasun teknikaria da. Zientzia Politikoak ikasi zituen EHU-ko Unibertsitatean, eta garai horretan feminismoa ezagutu eta horrek mundua ikusi eta aztertzeko ematen duen aukeraz jabetuta, bere ibilbidea norabide horretara zuzendu zuen. Ikasketak bukatu ostean, Lea Artibai Ikastetxean Administrazio eta Finantzen goi mailako modulua egin eta EHUko Unibertsitateak eskaintzen zuen “Emakume eta Gizonen Berdintasunaren gaineko masterra” egin zuen. Masterra bukatu eta Oreka Sarea proiektuan aritzeko aukerari heldu zion 2007.urtean, bere lagun Dominique Saillard-ekin batera. Bertan dabil ordudanik, genero ikuspegia eremu ezberdinetan txertatzeko estrategia, neurri eta aldaketa prozesuen diseinu, jarraipen eta ebaluazio lanetan, formazioak eta prestakuntza prozesuak sustatuz eta genero diagnostiko eta plangintzak diseinatuz.

Errealitatea emakume eta gizonen arteko banaketan eta hierarkizazioan oinarritzen da Noyak gogoratu duenez, eta dio berdintasun politikak errealitate hori eraldatzeko tresna direla. Arrakala hori gutxitzeko ekimenak planifikatzean, diskriminazioak identifikatu eta horietan eragin behar da bere esanetan. “Hori ez da beti erraza izaten, gaiarekiko erresistentziak handiak direlako, gure sistema sozial, politiko, ekonomiko, familiar eta abarren oinarriak astindu behar dira-eta, alegia, gizarte eredua bera”, adierazi du.

Horrenbestez, Noyak baieztatu du berdintasuna egunerokoan islatzen dela: hartzen diren erabaki txiki eta handietan. “Testuinguru jakin baten bizi gara, eta testuinguru hori egunero eraikitzen da. Ba, horren aurrean egunero borrokatu beharra dago. Begiak eta burua irekita eduki behar ditugu diskriminazio etengabearen aurrean. Horretarako, jarraitu beharreko bidea argi edukitzea da garrantzitsuena, jakinik bide horretan mantentzea dela lortu beharrekoa”, dio.

 

 

 

 

 

  • 11barri