11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Matematika ertzez ertz

Alberdi Bilboko ingeniaritza eskolan irakasle eta UEUko matematika saileko arduraduna da

  • Elisabete Alberdi Zelaia

Elisabete Alberdi Zelaia (Markina-Xemein,1975) matematikaria, irakaslea eta ikertzailea da. Matematikan lizentziaduna eta doktorea da (UPV/EHU).

Lea Artibai ikastetxean jardun zuen lanean 1998-2011 epealdian: irakasle, kontseilu-sozialeko kide, artezkaritza-kontseiluko kide eta zuzendaritza taldeko kide izan zen. 2011tik Euskal Herriko Unibertsitatean dihardu, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Matematika Aplikatua sailean.

Doktorego tesia  2013an aurkeztu zuen, Juan José Anza irakaslearen zuzendaritzapean. Tesi-lan horretan, batetik zenbakizko metodoak aplikatu zituen ekuazio diferentzial zurrunetarako, eta bestetik, elementu finituen metodoa aplikatu zuen erdidiskretizatzean.

Atzerriko hainbat zentrotan ikerketa egonaldiak egin ditu, eta hainbat lan argitaratu ditu.

Matematika irakasteko bogako metodologiari zorrotz begiratu dio. “Matematika manipulatiboa modan dago, eta sekulako tresna da ikasleek oinarri batzuk hartzeko, matematikei gustua hartzeko eta bidean inor ez uzteko. Malgutasun hori badauka matematikak. Dena dela, adi: ikasleari ezin zaio eman matematika txiki-txiki eginda. Matematikan abstrakziorako eta sormenerako ahalmena behar da. Hori ere bada matematika”.

Hain zuzen, matematiken exijentzia altuagoa da ikasketetan aurrera egin ahala. Horretaz zerbait badaki Alberdik Bilboko ingeniaritza eskolan irakasle da eta. Maila horretan, gako batzuk eman ditu: “ikasleek frustraziorako eta sakrifiziorako kapazitatea eduki behar dute. Horiek gure egunerokoaren parte dira”.

Alberdi MATHMODE ikerketa-taldeko kidea ere bada. Bertan, eredu matematiko aplikatuak, estatistika eta optimizazioa lantzen dituzte. “Batez ere metodo gero eta zehatzagoak (hots, errore txikia ematen dutenak) eta eraginkorragoak sortzen dihardugu. Horrez gain, aplikazioak gero eta gehiago lantzen ditugu, eta horretarako diziplinartekotasuna garrantzitsua da”, baieztatu du.

Zientzietan emakumeek daukaten presentziaz galdetuta, datuei erreparatu die: “EHUn zientzietako karrerak neska gehiagok ikasten dituzte mutilek baino. Alde teknologikoan, aldiz, alde itzela dago: hiru laurden mutilak dira; eta laurden bat, neskak. Ingeniaritza eskolan zehazki, mutilak gehiago dira neskak baino. Matematikan, ostera, neska eta mutil, erdi eta erdi izatea da ohikoa. Eta orokorrean, mutilak izan ohi dira ikerketa taldeetako ikerlari nagusiak”.

Kongresuen irudia nahikoa esanguratsua ei da. “Horietan mutilak gehiago dira. Zer esan nahi du, neskek ez daukatela aukerarik? Bai, badauzkate, baina horra heltzea, hau da, hor punta-puntan egotea ez da ohikoa, askok eta askok bidean bazter batera egiten dutelako, haurdunaldiak eta zaintzak tarteko. Bestalde, kulturalki ere oraindik badauzkagu muga batzuk. Mutilei gehiago laguntzen zaie, nahiz eta emakumeek argitasun eta sakrifiziorako ahalmen berdina edo handiagoa eduki. Apurtxo bat gaitzago daukagu, hori horrela da, eta helburura gutxiago heltzen gara”, dio.

Elisabete Alberdi matematika saileko arduraduna da Udako Euskal Unibertsitatean. Bertan, ikertzaile gazteei zein seniorragoei euren ikerketak euskaraz aurkezteko aukera ematen diete. “Zer gutxiago, egiten dugun zientzia euskaraz plazaratzeko aukera ematea baino?”, galdetu du. Horri lotuta dago EKAIA UPV/EHUko zientzia eta teknologiaren euskarazko aldizkaria ere, esaterako. Hain zuzen, matematika ataleko editorea da bera. Euskarak testuingurua ez du oso aldeko. Ez daude etsitzeko, halere. “Curriculumean pisua nazioarteko aldizkarietan argitaratzeak dauka, eta horiek normalean ingelesez dira. Balantzaren beste aldean, jende asko gaude euskarak aurrera egin dezan ahalegintzen: euskarazko aldizkarian argitaratuko dugunak, UEUko topaketak antolatuko ditugunak edo topaketa horietan euren ikerketaren berri euskaraz ematera etorriko direnak”.

Gehiago jakiteko

  • 11barri