11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Matematika, beste begi batzuekin

Matematika eta zientzia feminismoarentzat mesedegarriak direla aldarrikatu du

  • Uzuri Albizu Mallea

Uzuri Albizu Mallea Munitibarren jaioa da, 1989an. Matematikan lizentziatu ondoren, Matematikaren Didaktikan Masterra, eta Bigarren Hezkuntzako Irakaskuntzan Masterra egin zituen. Jarraian, beste master bat ere egin zuen: Ikasketa Feministak eta Generokoak. Master amaierako lanari Maria Goiri saria eman zioten. 2016tik, matematikako irakasle da EHUren Gasteizko Campuseko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean. 2023. urtean doktoratu zen EHUko Ikasketa Feministak eta Generokoak Doktoretza programaren baitan. Aurkeztu zuen tesiaren izenburua:  Matematika, hezkuntza eta generoa gurutzatzen diren lekuak: ahots feministek lagundutako kartografia bat. Bi sari eskuratu ditu lan horrengatik: alde batetik, 2024ko CAF-Elhuyar sariketako aipamen berezia eta bestetik 2025eko Micaela Portilla saria, zeinari esker lana argitaratu egingo den.

Ikasle garaian hartutako erabaki batzuei buruz hitz egin du.”Ikasketetan, momentu batean nekatu egin nintzen matematiketako abstrakzioarekin, eta egiten nuenak nire errealitatearekin konexio gehiago edukitzeko gogoa sartu zitzaidan”, adierazi du. Hortik heldu zen matematikaren didaktikara, eta horren barruan, hainbat korronte ezagutu zituen, tartean, etnomatematika, hots, matematikaren eta kulturaren arteko harremanen azterketa. Hain zuzen ere, master-amaierako lana etnomatematikari buruzkoa izan zen, alegia “ez irakastea matematika egia absolutu bat balitz bezala, edo gizartetik guztiz deslotuta dagoen zerbait, baizik eta giza jardunetik hurbilago dagoen zerbait bezala. Hori da abiapuntua; eta lekuan lekukoa irakastea”.
Horrez gain, Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra egiteak ere beste ikuspegi bat eman dio. “Matematikak konstruktu sozial modura ulertzen hasi nintzen, eta matematikako ikasgelei ikuspuntu sozialagotik, genero ikuspuntutik, begiratzea interesatzen hasi zitzaidan. Arreta berezia sortu zidan pentsatzeak zer pasatzen den matematika ikasgelan genero ikuspuntutik, eta masterrak gauza horiei begiratzeko erremintak eman zizkidan”, esan du. Bide batez, bere prozesuari ere behatu zion. Esan du balio izan diola jabetzeko zelan eragin dion emakume kondizioak matematikan egin duen ibilbidean, feminismoaren argipean. “Feminismoak, maila pertsonalean, eman dizkit erremintak ulertzeko nolakoa izan den nire ibilbidea matematikan; jabetu naiz nire generoak zenbateraino baldintzatu duen ikasketetan izandako esperientzia, adibidez, nire segurtasun-gabeziak eta beldurrak zenbateraino zeuden lotuta generoari”.
Bide batez, baliagarri izan zaio “matematika hezkuntzaren balio batzuk” zalantzan jarri edo deseraikitzeko. Esan du matematikak, gaur egun, lotura sendoak dituela zenbait balio eta ezaugarri maskulino historikorekin, besteak beste, aurrerapenarekin, kontrolarekin eta lehiakortasunarekin, eta horren aurrean eredu aldaketa planteatzen du, hots, matematikaren didaktika beste era batera egitea. “Produktibismoan, inertzia maskulinoetan, lehiakortasunean eta abiadura testetan oinarritutako matematika hezkuntza alboratu eta horren ordez inklusioan, plazerean, emozioen lanketan, gertutasun politiketan eta zaurgarritasunaren aitortzan oinarritutako matematika hezkuntza batera pasatzea. Matematikak elkarlanean oinarritzea, diziplinen arteko horizontaltasuna aldarrikatzea eta hierarkiak puskatzea. Izan ere, ematen du matematika objektiboa dela, neutrala dela eta erakusteko era bakarra dagoela, eta ez da horrela”.

Bestalde, aldarrikatu du matematika eta zientzia mesedegarriak direla feminismoarentzat. “Historikoki, zientzia esparrua gizonek menperatu dute, eta horren aurrean askotan erreakzioa izan da hura alboratu eta ikerketa kualitatibora jotzea, humanistikoagotzat jota. Baina oker gaude horrela jokatuta: zientzia boterea da. Feministok ezin dugu alde batera utzi. Metodo zientifikoak errealitatea ulertzeko eta iraultzeko tresnak ematen dizkigu mundu bidezkoagoa eta berdinzaleagoa eraiki ahal izateko. Kontua da zelan erabiltzen ditugun datuak, zelan neurtzen dugun, zeri begiratzen diogun”.
Tesia abiapuntu, aztergai berriak zabaldu zaizkio. “Tesia nahiko induktiboa izan zen. Balio izan zidan azaleratzeko zeri begiratu behar diogun matematika ikasgelei begiratzen diegunean. Nik partaidetza-ereduei, genero-estereotipoei, matematikek jakintzen artean daukaten pribilegio posizioari eta huts egiteak kudeatzeko moduei erreparatu nien. Orain lau adar horietatik tiratzen nabil, eta horien inguruan sakonago ikertzen”.

  • 11barri