Lurzoruak ur edangarrian daukan eragina aztertzen
Ondarrutarra Neiker ikerketa zentroko Baso Zientzien Saileko ikerlaria da
-
Nahia Gartzia Bengoetxea
Nahia Gartzia Bengoetxea (Ondarroa, 1977) biologian doktorea eta edafologoa da. Ume garaira begiratu du bere bokazioaren lehen zantzuak bilatzeko. “Nire eskola garaian “etika” irakasgaia hautatzen genuen ikasleak oso gutxi ginen. Gure andereñoa Mari Kruz Lekunberri zen, eta irakasgai horretan gure kuriositatea sustatzen zuen hainbat ekintza egiten genituen. Uste dut horrek eraginda ikasi nuela biologia eta ikerlari bilakatu”.
Biologia ikasten hasi EHUn eta itsas biologian espezializatu zen Aberdeeneko unibertsitatean—ozeanoak bereziki interesatzen zitzaizkion—, baina 5. mailan antxoaren biomasa neurtzeko AZTIren ikerketa kanpaina baten baitan hamabi egun ontziratuta eta “mareatuta eta gonbitoka” eman ostean, asmo horiek albo batera utzi zituen, eta beste bide bati ekin: lurzoruen azterketa. “Eta hain gustatzen zait asko ze, oraindik orain horretan jarraitzen dudala”.
Gartzia-Bengoetxeak Eusko Jaurlaritzaren NEIKER Nekazal ikerketa eta garapenerako euskal erakundean egiten du lan, baso zientzien departamentuan —Neikerrek beste ikerketa sail bi ere badauzka: nekazaritza eta abeltzaintza—. “Basogintzak lurzoruaren gain daukan eragina aztertzen dihardut, edo zelan moldatu dezakegun basogintza eredua lurzoruarengan eragin positibo bat edukitzeko eta horrek eskaintzen dituen zerbitzu ekosistemiko guztiak bermatzeko”, azaldu du.
Ondarrutarrak dio historikoki lurzoru zientziak agronomiarekin lotuta egon izan direla, hau da, elikagaiak ekoiztearekin eta nekazaritzarekin, eta ez lurzoru fisikarekin. Hortxe dihardu berak; hain zuzen ere, lurzoruak uraren eta ur edangarriaren gain dakarren eraginaren azterketan. Eta edaten den ur gehiena mendietatik datorrenez, basogintzak eragina dauka haren kalitatean Gartzia-Bengoetxeak dioenez. “Lekua maldatsua bada edo erreka bat hurbil badauka, basogintza irregularra ezarri beharko litzateke, alegia, adin desberdinetako espezie bat baino gehiago daukana, ze sistema horretan zuhaitz guztiak ez dira batera ateratzen, eta, beraz, euri urari eusten diote”. Aldiz, basogintza erregularrarekin bestelakoa da egoera. “Basogintza erregularrean zuhaitz guztiak berdinak dira, adin berekoak eta espezie berekoak, eta batera mozten dira. Lehengo agertoki bera ipinita, hots, zuhaitz horiek malda handia dagoen lekuan badaude eta aldi berean mozten badira, euri handia egiten duenean, lurzorua biluzik dagoenez, euri urak lurzorua jotzen du, eta lurzoru hori askatu eta maldan behera doa. Sedimentu horiek errekara eta guk ura hartzen dugun puntura heltzen badira, tratamendu plantan ur hori garbitzea askoz gaitzagoa izango da. Eta ur edangarria izateko egin behar izango dizkioten tratamendu fisiko-kimikoak askoz gogorragoak dira ura jatorriz kalitate onekoa badator baino”.
Horren aurrean, tokian tokiko basogintza politika aldarrikatzen du. “Gizartearen beharrizanak ase nahi baditugu, erabilera anitza behar dugu. Ahal dugunik eta erresilienteenak izateko, aniztasuna behar dugu paisaian: basogintza irregularreko lekuak, biodibertsibitatea mantenduko duten lekuak, zelulosa ekoizteko lekuak,…. Oso herri txikia gara eta jende asko bizi gara, ordea. Eta hori dena uztartzea ez da erraza”.
Nahiz eta Eusko Jaurlaritzak 2022tik lurzoruen babeserako euskal estrategia onartuta eduki, Europako Batzordeak ez du gauza bera egin, “tartean interes asko egonik, alegia, lurzoruak jabego pribatua edukirik, zaila egiten zaiolako arautzea. Eta Europa mailan ez egotea araudi bat hori bideratuko duena zailtasun handia izan da paisaia irregularra eta anitza lortzeko”.
Gartzia-Bengoetxeak dio Bizkaia oraintxe dabilela bere foru araua berritzekotan. “Nire ustez, hauxe da garaia komunitate zientifikoaren ezagutza arau berrian barneratzeko eta etorkizunerako jomugak eta horra heltzeko bideak argitzeko”, adierazi du.
Emakumea eta ikerkuntza
Bere lanbidean hainbat traba bizi izan ditu emakume izatearren. “Basogintza ez da emakumeen mundua (Nahiz eta emakumeek eta gizonek formalki aukera bera izan basogintzan lan egiteko hezteko, adibidez eskulanaren %15 baino ez dira emakumeak Suedian eta %9 Katalunian). Bilera askotan emakume bakarra izan naiz. Eta bilera batean baino gehiagotan gertatu izan zait neuk esan zer edo zer eta aintzakotzat hartu ez, eta nire lankideak berba berdinak errepikatu eta denek ontzat ematea. Niri basogintza munduan emakumea izatea oso gogorra egin zait. Gainera, emakumea eta biologoa naiz, eta lurzoruetan egiten dut lana. Baina uste dut emakumeok leku horietan egon egin behar garela, eta batzuoi tokatu zaigu hor egotea, sarri deseroso eta txarto pasata. Pentsatu nahi dut hortxe gaudelako beste batzuk egongo direla”.
Emakume ikerlariaren ibilbidea deskribatu du berea azalduta. “Bost urte egon nintzen beka batekin zortzi ordu lanean eta kotizatu barik. Izan ere, hemen ikerketa ez da baloratzen —arrazoi horregatik, jende asko kanpora joan da—. Kontziliazioaren gainean ere badago zeresana: ikerketa munduan bizitza pertsonalarekin uztartu ezinda, askok laga eta beste bide bat hartu dute ama egin direnean. Geroago berdin: nire adineko hainbat emakume ikertzailek euren lanpostua uzten dute gurasoak zaintzeko, eta gizonezko batek ere ez. Eta hori gizartearen isla da”.
Hezkuntza eta zinezaletasuna
Ibilbide profesionalaz gain, irakaskuntza ere izan du aipagai Gartzia-Bengoetxeak. Aitaren eta amaren irakaskuntza publiko eta euskaldunaren aldeko posizionamendua bere eginda —“apustu horri esker, lehenengotakoak izan ginen irakaskuntza publikoan hasi eta buka D ereduan ikasi ahal izan genuenak”— , guraso elkarteko kide izan da umeak Zaldupe eskolan ikasten eduki dituenean, “herentzian jasotako pentsaerarekin koherentzian eta hori are eta indar handiagoarekin aldarrikatzeko. Begitantzen zaidalako ume baten hezkuntza ezin dela gurasoen klase sozialaren menpekoa izan. Nik hori oso argi daukat, eta horixe borrokatzen dut ahal dudan guztian”.
Bidean geratu zen proiektu bati buruz ere hitz egin du. Berak eta beste ondarrutar batzuek herrian zine kluba sortzeko ahalegina egin zuten. “Kriston arrakasta eduki zuen, eta jendeak oso erantzun ona eman zuen, baina pena izan zen udalarekin ez lortzea martxan edukitzeko formula bat”.
Hainbat jakingarri
Publikazioak:
Parekako berrikuspendun 19 artikulu zientifiko
Liburu bat editore gisa
3 liburutan, kapitulu bana
Euskarara itzulitako gidaliburu bat
eta hainbat dibulgazio artikulu
2023an Gartzia-Bengoetxeak koordinatzen duen LIFE URBASO proiektuak LURRA BIZKAIA saria jaso zuen, hots, ingurumenari eta iraunkortasunari buruzko ekimen zientifiko onenaren izendapena.
Hainbat herritan eman izan ditu hitzaldiak (besteak beste, Mutriku, Oñati, Ataun, Bermeo, Bergara eta Ondarroan), beti ere lurzoruak ezagutarazteko.
Gazteen artean, batez ere nesken artean, zientzia eta teknologiarekiko interesa piztea helburu duen INSPIRA STEAM proiektuan ere parte hartu zuen 2018-2019 ikasturtean. Proiektua Markina-Xemeingo Bera-Kruz ikastetxean garatu zuen.
-
11barri

