11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Lurrarekiko lotura estutuz

Maider Gorritiberea Astigarraga gizarte hezitzailea eta ukendu eta infusiogilea da

  • Maider Gorritiberea Astigarraga

Maider Gorritiberea Astigarragak (1991, Mutriku) Gizarte hezkuntzari lotuta, adin txikiko pisuetan, zentroetan eta hainbat herritako gizarte zerbitzuetan hezitzaile lan egin izan du, eta azken urteetan gizarte hezitzaile ari da eskoletan. Orain dela hiru urte, lan murrizketa eskatu zuen, bere ofizioko zamaren eraginaz ohartuta. “Tentsio emozionala eta fisikoa etengabekoa da, eta energia asko kentzen dizu, ze gizarte zerbitzuetan gero eta kasu zailagoak ikusten ari gara, buru osasunarekin edo eta drogekin lotuta. Zaurgarritasun egoerak gero eta agerikoagoak dira, gizarte arrakalak handitzen doazelako, eta kultur talkak nabarmentzen”. Orain, gizarte hezitzaile lana erabat albo batera utzi gabe —“ze gustatzen zait” —,  sendabelarrekin esperimentatzen hasi da;alegia, ukenduak, infusioak eta gatzak egiteari ekin dio, eta sasoian sasoikoa ekoitzi eta azoketan postua jartzeari.

Gorritibereak dio lurrarekiko beti lotuta sentitu izan dela, eta horretan 2016. urtean Askapenarekin Brasilgo MSTn (Movimento dos Trabalhadores Rurais Sem Terra) egin zuen brigadista lanak “inflexio puntu bat” markatu zuen. “Ikusi nuen ahal direla borrokak aktibatu”, esan du.

Pozik dago landa eremura eman duen jauziarekin. Hala ere, kontuz definizioekin. “Kostatu egiten zait esatea baserritara naizela, nahiz eta egunerokoan baserri jardunean aritu. Hor ere badago borroka esparru bat: gero eta baserritar gutxiago daude, baserriak husten ari dira eta ereduak aldatu egin dira: pertsona bat egon ahal da baserrian bizitzen eta lurrarekin kontakturik eduki ez, eta nik, aldiz, nahiz eta kalean lo egin, eduki ahal dut egunerokoan harremana lurrarekin. Terminologian aldaketa egin behar da”.

Hori aipatuta, Hegoamerikako esperientzia gogora dakar. “Brasilen esaten zuten: pertsona batek ez badu nahi lurra landu, landu nahi duen pertsonak edo kolektiboak lur hori lantzeko eskubidea edukiko du. Eta hemen ere existitzen da gatazka indartsu bat: minifundioak daude. Lurrak pribatuak dira, eta kristoren espekulazioa dago. Jabetzaren ikuspegia oso errotuta daukagu. Benetan kokatu nahi dugun pertsonok zailtasun handiak dauzkagu. Eta bitartean, datuak hor daude: Hemen %1 ekoizten da. Beste dena kanpotik ekartzen da. Nork elikatuko du etorkizuneko janaria?”, dio.

Gako batzuk aipatu ditu bere ustez lurrarekiko harremanak izan beharko lukeena ulertzeko: bertatik bertarako produkzioa eta ikuspegi agroekologikoa eta holistikoa. “Gu osasuntsu egoteko gure testuingurua osasuntsu egon behar da. Pertsona dependienteak gara, testuinguruarekiko eta amalurrarekiko, eta amalurra ez badago osasuntsu, gu ez gara osasuntsu egongo; eta ezingo dugu jan eta ezingo ditugu gauza asko egin. Hori nik, adibidez, azkeneko urteetan ikusten dut baratzean. Neguan ez du apenas hotzik egiten. Ez du elurrik egiten. Eta gero eta intsektu eta izurrite gehiago daude. Eta lurrak neguaren beharra du garbitzeko eta berriro loratzeko. Gu bakarrik ez gara ezer. Igual izakiago bilakatu behar gara, gizakia izan beharrean”.

Gaur egun Gorritibereak Barakaldo du bizileku asteko egun askotan, baserriarekin lotzen ez den eremu bat, baina bere ustez aukera asko ematen dituena hainbat proiektu gauzatzeko. “Landa eremua militantziako esparru modura ere ulertu nahi dugu, eta kontzientziazio eta pedagogia politikoa egiteko gune bat bezala, hiri inguruetatik arrakala dagoelako landa eremuarekiko. Zubi lana beharrezkoa da, hortaz. Baina zelan egin zubi lan hori? Gure ustez, ikuspegi euskaltzale batetik, eta bertako elikadura osasuntsua eta burujabetza aldarrikatuz. Eta horretarako ere bada aproposa Barakaldo”.

Mutrikuarra EMA elkarteko kide da, Emakumeak Mutrikun Abian. Hain zuzen, ikuspegi feministatik ere aztertu du batean eta bestean eduki duen esperientzia, alegia, emakume modura eduki dituen zailtasunak.“ Maskulinitate hegemonikoa dago gailenduta gizartean, eta lan esparruan horren lekuko izan naiz eta naiz. Gizarte hezitzaile modura, pisuetako esperientzia oso gogorra egin zitzaidan, eta emakume modura oraindik eta gehiago. Etengabeko indarkerian bizi zara; azpimaila batean. Eta nekazaritza munduan ere ematen du gauza asko ezin ditugula egin, eta zer kontua eta iraganean baserri eremuetan emakumerik ez bazen egongo, haiek ez ziren existituko ere egingo. Emakumeak batu eta gorde izan ditu haziak. Aldi berean, sukaldatzen zuena bera zen, baratzea zaintzen zuena bera zen; animaliak zaintzen zituena eta hil eta narrutzen zituena. Eta bigarren planoan geratu da. Oso eremu maskulinizatua da”.

 

  • 11barri