11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Kudeaketaren sarean

Naberanek enpresa kudeaketan egiten du lan. Etxean beti arrantzarekin lotuta egon izan dira, eta horrek mundu hori barrutik ezagutzera eraman du.

  • Nekane Naberan Arrasate

Formakuntzaz zuzenbidean lizentziatua, Nekane Naberan Arrasatek (Ondarroa, 1971) enpresa kudeaketan egiten du lan. 1994an Naberan sareak-en hasi zen beharrean aitaren eskutik (Jose Maria Naberan) enpresa lehen urratsak ematen ari zela, eta hantxe jarraitzen du ordudanik. Gaur egun hango zuzendaria da Imanol Naberan Arrasate nebarekin batera.

Arrantzarako sareak egiten dituzte Naberan Sareak-en. “Sartu nintzenean enpresa hazten ari zen, eta gauza asko ikasi beharra eduki genuen denok ere. Ikasi, eta ikasi ahala egin. Produkzio zuzenean ez, beste arlo guztian aritu naiz”, azaldu du.

Etxean beti arrantzarekin lotuta egon izan dira, eta horrek mundu hori barrutik ezagutzera eraman du. “Egia da arrantza gizonez beteta dagoela, baina haiekiko harremana gehienetan errespetuzkoa izan da. Kontuan hartu behar da portuan andrek pisua eduki dutela eta daukatela. Guk kultura hori badaukagu; eta horrek jendeaurrean kokatzen laguntzen gaitu” .

Kudeaketa postua exijentziarekin lotzen dela eta, badauka horren inguruko hausnarketarik. “Gizartean ikusten dugu hori, orohar. Izan lanean, izan etxean, oso exijente jokatzera jotzen dugu geure buruarekin. Dena dela, inorengan jartzen dugu ardura hori, eta ondo begiratzen badugu konturatuko gara geu garela geure buruarekin exijenteen eta zorrotzen. Eta ez dut uste genero kontua denik. Nire ustez, pertsona modura guztiok daukagu lanketa bat egin beharra. Bakoitzak bere izatea eta kapazitatea dauzka, eta lasaitasunez garatu behar ditu, gizartearen exijentzia maila altu horiei erantzutera behartuta sentitu barik, ze muturreko zorroztasunak funtzionamendu azeleratua edukitzera garamatza, eta hori nekagarria da”.

Nekane Naberan eta kirola

Nekane Naberan hainbat kiroletan ibilia da. Atletismoan eman zituen lehen urratsak Zubi Zahar ikastolan, aitarekin, bere sasoiko beste hainbat eta hainbat ikaslek modura.  “Umea nintzelarik, gure etxean dena zen kirola, gure aita kirolean murgilduta baitzegoen ikastolako kirol arloa dinamizatzen. Neska asko zeuden, neskek kirolerako lekurik ez zeukaten garaian. Kirola gizonezkoena zen eta! Beraz, emakumeentzat aukera ona izan zen kirol arloa eta arlo fisikoa garatzeko. Beste ikuspegi bat zabaldu zuen”, dio. Ikastola amaitu ostean ere atletismo lehiaketetan parte hartzen jarraitu zuen Atletico San Sebastian taldean, 16 urtera arte. Horrez gain, Ondarroako saskibaloi taldeetan —lehenengo ikastolakoan eta gero institutukoan— eta futbolean jokatu zuen.  Gaur egun, lantzean behin aringa-aringa edo bizikleta egiten du. “Azken batean, beti geratzen da kirola egiteko gogoa. Ez naiz kirolari amorratu, baina mugitzen gara”.
Hauxe dio lenengo eta oraingo garaiak konparatzean. “Nik uste lehengo eta gaur egungo egoera alderaturik, gora egin duela emakumeen parte-hartzeak kirolean, zeren eta lehen zein emakumek egiten zuen kirola? Nire sasoikoon artean oso emakume gutxik egiten zuten footing. Ikastolan zerbait egiten genuen neskok, eta eskolan eta mojetan apenas. Gizonezkoen gauzatzat hartzen zen”.

  • 11barri