Kirola, ume-umetatik gozamen
Beti pentsatu izan du kirola bere baitan dagoela. Umetan, ahal zituen kirol guztiak probatu zituen, eta nagusitan, beharrezko irakasle tituluak eskuratuta, kirola lanbide bihurtu du, gozamen iturri izaten jarraitzeaz gain.
-
Naiara Arenosa Burgoa
Naiara Arenosa Burgoak (Ondarroa, 1976) umetatik egin izan du kirola. 1985ean, 9 urte zeuzkala, Zaldupe kiroldegiko judo ikastaroan izena eman zuen. EAE mailako txapelketetan (1989tik 1995era) eta Espainiakoetan (1994-1995 urteetan) parte hartu zuen, Andorrako triangularrean (1994an) eta Portugalera (1995ean) eta Italiara ere gonbidatu zuten (1996an). Debako Nazioarteko VI. Emakumeen judo lehiaketa izan zen bere azken txapelketa (2001ean). 1988an, kiroldegian futbolean entrenatzen eta jokatzen hasi zen beste neska batzuekin batera. Handik bost urtera, Aurrerako futbito federatu taldea sortu zen, eta han ere jokatu zuen. 1992an Egia-Iriondo lasterketan parte hartu zuen. Bera eta beste bat izan ziren frogako emakume bakarrak. 17 urte ingururekin, futbola utzi zuen. Sasoi horretan arraunean parte hartu zuen, beste neska batzuekin batera. Adibidez, Bikain gazteen etropadan parte hartu zuten Ondarroan (1991n).
Ostean, kirolarekin harremanetan jarraitu zuen, baina lanean. Goi mailako ikastaroak egiten hasi zen. Horrela, besteak beste, lehen laguntza eta uretako sorospen, igeriketa, Hot cycling, aerobik eta ariketa fisikoen eta kirol animazioaren teknikari espezializatu tituluak eskuratu zituen 2001 eta 2002. urteetan, eta ikastaroak ematen hasi zen: umeei igeriketa eta nagusiei spinning eta mantentze soinketa. 2003an, ama izan zenean, ordutegiak-eta kontuan hartuta, aktibitate hori beste lan batzuekin partekatzen hasi zen. Sasoi horretan kirola egiteari utzi zion, nahiz eta eskolak eman. 40 urterekin hasi zen oinez eta aringa-aringa egiten mendian, 2016. urtean. Eta orain horixe du zaletasuna: mendian oinez eta korrikan ibiltzea, eta mendi lasterketaren baten parte hartzea. 24 kilometroko mendi martxak egiten ditu, eta 2024. urtean Tolosako 14 orduetan parte hartu du, 68 kilometroko martxa.
Gaur egun, Ibaizabal ikastolako gimnasiako koordinatzailea eta monitorea da. Spinning, Gap eta Trx jarduera fisikoak ematen eta koordinatzen ditu.
Dio lehen oso neska gutxik egiten zutela kirola. “Gainera, desberdindu egiten zen ‘nesken kirolaren’ eta ‘mutilen kirolaren’ artean”. Kirol hezitzaile ikuspuntutik nabarmendu du gero eta emakume gehiagok praktikatzen dutela kirola, “nahiz eta, egia esan, gimnasioan gizonezko gehiago dauden emakumezkoak baino. Kalean ere lehen aldean askoz neska gehiago ari dira aringa-aringan, adibidez, Lilatloian edo Ondarroako Aringaingan taldean. Gaur egun ikusten da argi eta garbi emakumea kirolarekin bat eginda dagoela. Aldaketak nabariak dira”.
-
Lore Bengoetxea Ibazeta