Ikusgarritasunean, tanto
Zestako hiru munduko txapelketa jokatu ditu, eta 2026ko Argentinako absolutuko mundialean parte hartzea du orain helburu
-
Eneritz Lizardi Azpiazu
Eneritz Lizardi Azpiazu (Mutriku, 2004) futbolean jokatzen hasi zen 9 urterekin. Ordurako, neba zestan zebilen Mutrikun, eta berarekin joaten zen frontoira. Senideek animatuta, entsegatzen hasi zen, eta txapelketak jokatzen Danok Bat taldearekin.
Hiru munduko txapelketa jokatu ditu, horietatik bi, bi 22 azpikoetan: 2021ean emakumeen lehenengo zesta txapelketa jokatu zen Iscarren (Valladolid), 22 azpikoa 36 metroan, eta irabazi egin zuen Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarrarekin bikote eginda. 2022an jokatu zen lehenengo aldiz absolutua, Miarritzen, frontoi handian jokatu ere , hau da, 54 metroan. Hor berriz irabazi zuten. Handik urtebetera, 2023an, 22 azpikoa jokatu zen Mexikon frontoi handian, eta azpitxapeldun geratu ziren. 2024ko urtarrilaren 12an eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen, eta, urte eta erdiren ostean, berriro kantxaratu zen emakumeen Jai Alai Ligako Master Seriesean. Buelta gozoa izan zen, Ortiz de Mendibilekin bikotea osatuta txapela irabazi zuen eta.
“Ni hasi nintzenetik hona aldaketa handia egon da. Lehen, egon bazegoen zestan jokatzeko aukera, baina inor ez genuen ikusten. Nebaren entsegua ikustera joaten nintzenean denak mutilak ziren, eta hasiera batean ez nuen pentsatu zestaz jokatu ahal izango nukeenik. Kanpoko bultzada bat behar izan nuen”, adierazi du. Bere ustez, hobea da oraingo egoera. “Nik uste dut gaurko neska gazteei ez zaiela niri bezala pasatzen. Azken urteetan ikusgarritasun handia eman zaio, telebistan agertzen gara, eta horrek asko laguntzen du; frontoietan beti dago emakumeren bat, eta gazteagoek nabaritzen dute eurak ere hor egon ahal direla. Beraz, alde horretatik asko irabazi da. Ez zara lehen bezala gaizki sentitzen zeuri gustatzen zaizun zer edo zer egitearren”.
Lizardi Biologiako gradua egiten ari da EHUko Bilboko campusean, eta horregatik ez du lehen beste entsegatzen, nahiz eta moldatzen den eta gimnasio ordu gehiago sartu.
2026ko Argentinako absolutuko mundialean parte hartzea da Lizardiren egungo erronka nagusiena.
-
11barri

