Heriotzaz eta herri ondareaz
Erkiagak heriotzaren aurrean ahalduntzeko Hil Arte Bizi egitasmoa darama aurrera
-
Nere Erkiaga Laka
Nere Erkiaga Laka (Lekeitio, 1973) tanatologoa da, eta heriotzaren aurrean herritarrak eta komunitateak ahalduntzeko Hil Arte Bizi egitasmoa darama aurrera. Horrez gain, dokumentazio aholkularia eta datu baseetan aditua da.
Dokumentazio ikasketak egina Salamancako Unibertsitatean (1995), Tanatologia ikasi zuen La Laguna Unibertsitatean (2017), Euskal Herriko Unibertsitatean Komunitate Garapena eta Parte-Hartze Masterra (2007) eta Mondragon Unibertsitatean Euskal Kulturaren Transmisioan Graduondoa (2011).
Erkiagak 20 urtetik gora daramatza hainbat kultur arlotan parte-hartze prozesuak eta tailerrak dinamizatu ditu, herritarren parte-hartzearen, kultur arloko hainbat gairen eta genero ikuspegiaren inguruan, eta egun Hil Arte Bizi egitasmoaren bidez ere heriotzaren inguruko parte-hartze dinamikak eta prozesuak bideratzen ditu.
2022an sortu zuen Hil Arte Bizi egitasmoa, heriotza modu naturalagoan bizitzeko tresnak eskaintzeko eta herritarrak eta komunitateak heriotzaren aurrean prestatzeko. Herriz herri dihardu herritarrentzat tailerrak eta komunitateentzat — izan udal, auzo, eskola, zahar-etxe,… — tailer eta gogoeta parte-hartzaileak eskaintzen.
2018an Hil Argi Elkartearen sorrera bultzatu zuen, heriotzaren ezagutza zabaltzeko helburua duen irabazi asmorik gabeko elkartea. Hainbat egitasmo aurrera daramatzan “talde ederra” osatu da, eta bidea egiten jarraitzen du egun ere.
“Hil Argi elkartean, adibidez, orain “Gehiago gara” ekimenarekin gabiltza, haurren heriotza gertatzen denean komunitate mailan erakunde eta talde bakoitzak bere erantzukizunak hartu ditzan, eta horren barruan sartzen dira, besteak beste, heriotzaren pedagogia, zaintza aringarri pediatrikoak, eta abar luze bat”, azaldu du.
Lekeitiarraren arabera, gaur egungo gizartean heriotza gai tabua da. “Ez da berbarik egiten heriotzaren inguruan, ez dolu garaian, ez dolutik kanpo”, azaldu du. Kalterako, dioenez. “Horrek dakarrena da, batetik, ez dugula ikasten ikasi beharreko guztia, bizitzako beste egoera batzuetan gertatzen den bezala, ikasketa prozesurik ez dugula, eta, bestetik, komunitate modura, talde modura, ez dugula garatzen heriotzaren inguruan antolatu eta eraiki beharko genukeena ganoraz, eta horrek babesgabetasun egoerak sortzen dituela”.
Urteekin tabu horiek barneratzen joaten dira. “Umeek ahalmen handia daukate heriotza modu naturalean barneratzeko, tristeziak tristezi,, baina gizarte honetan helduok tabuarekin gabiltzanez eta ezgauza garenez, kutsatu egiten ditugu, eta txiki-txikitatik ikasten dugu ezin dela berbarik egin heriotzaren inguruan, ezin dela galderarik egin, beldurgarria dela eta ezin dela ezer egin. Eta heriotzaren aurrean baliabiderik gabe geratzen gara”.
Ezgaitasun hori ez da naturala, berak defendatu duenez. “Nik sinesten dut pertsonok berezko baliabideak dauzkagula heriotzaren aurrean kokatzeko eta prozesu fisikoa nahiz emozionala egiteko: adibidez, emakumeen gorputza erditzeko prestatuta dagoen moduan, pertsonon gorputza hiltzeko prestatuta dago. Eta psikologikoki gauza bera. Hori kultura batean garatu behar da, ostera, eta guk gaur egun ez daukagu heriotzaren inguruko kulturarik. Lehen geneukana ideala ez zen arren, behintzat zerbait bazegoen. Horri kontrajarririk, gaur egun ez dugu kolektiboki partekatzen dugun jakintzarik ez ohiturarik”.
Heriotzaren inguruan eskaintzen dituen Hil Arte Bizi tailerretan gehienak emakumeak eta 65 urte ingurukoak izan ohi dira, profil jakin batekoak: bizitzan gauza asko euren erara erabaki duen jendea da, eta heriotzaren aurrean ere berdin egin nahi dutenak. Ahalduntze ariketa bat modura definitzen du berak. Horiez gain, heriotzari ikara diotenek ere parte hartzen dute, ikara hori arintzera datozenak. “Tailerrak ez dira doluaren ingurukoak. Alderantziz, doluan daudenentzat ez dira egokiak. Doluan ez gaudenean ikasi dezakegu heriotzaren inguruan. Giro ona egoten da, barre pila bat egiten dugu. Eta nik neuk tailerretan hartzen ditudan animoekin egiten dut aurrera, gai zail hau herriz herri zabaltzen”.
Dokumentazio aholkulari modura, urte luzez kultur arloan dokumentazio egitasmoen arduradun eta datu-baseen diseinu eta garapenean jardun du. Azken urteotan Berriatuan aritu da, Goikolau Kultur Elkartearentzat dokumentazio aholkulari. Elkarte horrek Berriatuko herri ondarearen inguruan lan asko eginda dauka, eta beraien lana egituratu eta herritarren eskura jartzeko helburuarekin Berriatuko Herri Ondarea proiektua gauzatu dute. “Ondare asko batuta dute, eta batutako hori eta etorkizunean batuko dutena nola antolatu eta gizarteratu asmatu behar izan dugu. Parte-hartze teknikak erabili ditugu, eta lan-antolaketa berriak adostu, artxiboaren antolaketa tartean, eta bildutakoa herritarrei Internet-en erakusteko aukera ere ematen dien datu-basea garatu dugu, etengabe eguneratzeko aukera ematen duena eta elkarrekin lotura duten ezagutza guztiak eskura eskaintzen dituena”.
Nere Erkiagari buruz gehiago jakiteko: https://nererkiaga.eus/
Hil Argi elkarteari buruz gehiago jakiteko https://hilargi.eus/
Berriatuko Herri Ondareari buruz gehiago jakiteko, https://ondarea.berriatua.eus/
-
11barri

