Doularen laguntza dolurako
Conzik dolu perinatalean eta gestazionalean laguntzeko taldea sortu du.
-
Lucia Conzi Bavio
Lucia Conzi Bavio (Buenos Aires, 1989) erizain laguntzailea eta doula da, hau da, haurdunaldian erditu aurretik, erditzean eta erditu ostean laguntza emozionala eta psikologikoa ematen duen pertsona. Conzik dolu perinatalean eta gestazionalean laguntzeko taldea sortu du Markina-Xemeinen, hango udalaren laguntzarekin.
Esperientzia pertsonal batetik abiatuta eman zuen formakuntza jasotzeko urratsa. “Nik galera bi eduki nituen: bat zortzigarren astean eta bestea hemezortzigarren astean, hain zuzen bigarren umea eduki aurretik —bi ume dauzka—. Horren ostean, doularen formakuntza egin nuen”, adierazi du.
Osasun sisteman egoera horretatik pasatako emakumea artatzeko zerbitzurik ez dago. “Hutsune” horri erantzuten laguntzeko sortu du taldea Markina-Xemeinen, eskualde osora zabalik; “ez bakarrik umea haurdunaldian, erditzean edo erditu ostean galtzen dutenentzat, ezbadaze baita umea eduki nahi eta ezinean dabiltzanentzat ere. Pentsatu zenbat jende egon ahal den egoera horretan; gaur egun, gizartearen estres maila ikusita, oraindik eta gehiago”.
Elkar lagundu eta babesteko taldea da Conzik dioenez. “Batez ere sentitzeko ez zarela bakarra. Horrelako egoera bizi izan duenak motxila moduko bat darama, eta pentsatzen du berak bakarrik eta laguntzarik gabe eraman behar duela. Espazio honetan, ostera, hortik pasa diren emakumeak, oraintsu zein aspaldi, babestuta daude. Egoera berean edo antzekoan egon diren edo daudenen babesa sentitzen dute. Ni, adibidez, Durangon horrelako talde batean egon nintzen, eta niretzat zoragarria izan zen. Opari handi bat izan zen prozesu hori osatzeko, ze besteekin partekatzeak eta dolua adierazteak motxila arintzea dakar”, nabarmendu du.
Luzaketen formakuntza ere badauka Conzik, eta ezagutza hori taldekideen zerbitzura jartzen du, gorputzeko tentsioak askatu eta pertsona osotasunean artatzeko, fisikoki, zein emozionalki. Zalantzan egon daitezkeenak parte hartzera animatu nahi ditu. “Kulturalki euskalduna ahul agertzeko beldur da; ez da nahi ahultasunik erakutsi, babesteko senez edo; eta hesiak jartzen dira. Nire esperientzia beste bat da: Argentinan beste era batera jokatzen dugu. Ahultasuna partekatzeak beste pertsonekin lotzen zaitu era desberdin batean, eta egoera honetatik pasatu denarentzat sendagarria da. Horregatik, hemen etortze hutsa pauso handia da”, baieztatu du doulak.
-
11barri

