Digitala, margotzeko estilo
Hainbat esparrutan ibili ostean, 2021ean ilustrazioaren bideari ekin zion Instagrama erakusleiho bezala erabiliz, eta gaur gaurkoz, 36,5 mila jarraitzaile ditu bertan.
-
Malen Pazos Illarramendi
Txikitatik marrazten du Malen Pazos Illarramendik (Mutriku, 1997). 2021ean ilustrazioaren inguruko master baten berri izan zuenean berrartu zuen umetatik bizirik izan duen margotzeko zaletasuna. Momentu horretan, Instagramen bere lanak partekatzen hasi zen, eta ilustrazioaren bidea hartu eta autonomo bezala lanean jarraitzea erabaki zuen.
Ilustrazio digitalean sartuta dabil buru-belarri. “Esparru horretan eroso eta gustura nago. Momentu honetan papera emanez gero, ez nuke jakingo nondik hasi”, adierazi du. Procreate aplikazioa erabiltzen du ilustratzeko, eta kolore eta tamainaren azken ukituak Photoshoparekin egiten ditu.
Bere esanetan, xarma berezia dauka marrazkiak eskuz egiteak, alegia, artistak modu tradizionalean eta eskuz lana nola sortzen duen ikusteak. “Baina niretzat digitala erosoagoa da, elementuak txikitu, handitu, edo baita koloreak aldatzeko orduan ere. Horrez gain, komertzializatzeko orduan, portfolioak edo paper-zorroak osatzeko momentuan, askoz errazagoa da, nik lan guztiak digitalizatuta dauzkadalako. Nire estiloarekin gehien egokitzen da digitala, zalantzarik gabe”, baieztatu du.
Pazosen Instagrameko lanek zenbait elementu dauzkate komunean, batik bat koloreak eta formak. Horren inguruko argibideak eman ditu: “Probatzen hasi nintzen, kolore paleta desberdinak egin, eta nire estiloa garatzen joan nintzen apurka-apurka. Beti saiatzen naiz kolore paleta bat mantentzen, eta horren ondorioz, Instagrameko profila kolore eta forma berdinekin josita dago, ezaugarri eta estilo antzekoekin. Estiloa beti doa eboluzionatzen, eta ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait, prozesu luzea da”.
Onartzen du ez dela erraza sortzaileen munduan egonkortasuna lortzea, eta gustura hartzen ditu proiektu iraunkorrak. “Behin, Tinder Espainiarentzat kanpaina bat egin nuen Harrotasun Egunerako; nahiko xelebrea izan zen hori. Orain, berriz, proiektu eder bat daukat eskuartean, eta ilusio berezia egiten dit: liburu bat ilustratzea”.
Ilustratzaileen munduan lekua egin nahirik dihardu Pazosek. “Ez da la lan erraza, eta oso ezegonkorra da. Jende asko dago ondo ilustratzen duena, eta hor lekua egitea zaila da. Nik adibidez, urte on bat igaro dut, baina batek jakin datorren urtea nolakoa izango den. Horrez gain, oso zaila egiten zait nire lanei prezio bat jartzea. Nik margotzen dakit, baina ez lanei zifra bat jartzen. Gutxi ordaintzera ohituta gaude, eta ez da baloratzen esku lana edo trantsizio guztia”.
-
11barri
-
Garazi Burgoa Aldarondo

