11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Dantza, espazio beharrez

Etxaburuk dantzaren aldeko apustua aldarrikatu du, eta haren balioak goretsi

  • Garazi Etxaburu Aulestia

Garazi Etxaburu Aulestia (Ondarroa, 1993) dantzaria, sortzailea eta irakaslea da.
Jaioterrian hasi zen dantzan ikasten, 3 urterekin, Dantzarte ballet eskolan Maitane Uriberekin. 1997-2009 urte bitartean, Ondarroako Dantzarte dantza eskolan ikasi zuen. 12 urterekin Arriagan bakarlari dantzan egin zuenez geroztik, argi zeukan dantzaria izan nahi zuela. 15 urterekin, Gasteizko Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioan sartu zen. Hiru urte egin zituen han, 2009tik 2012ra,eta Batxilergo ikasketekin bateratu beharra izan zuen. Kontserbatoriotik atera eta 2012tik 2015era Dantzaz gazte konpainian dantza garaikidean sakontzen egon zen. 2016an bide profesionalari ekin zion, eta urte horretan eta hurrengoan Poloniako Gdansk hiriko Baltycki Teatr Tanka konpainian (Baltic Dance Theatre) aritu zen dantzari bakarlari eta koreografo laguntzaile. 2017tik Lasala konpainiako dantzaria da. Proiektu ugaritan parte hartu izan du, bai dantza eta antzerki konpainietan, bai sorkuntza propioetan, eta kolaborazio ugari egin ditu, esate baterako, musikariekin eta idazleekin. “Eskertuta nago, jendeak oso kontuan hartzen nauelako”, dio.

Etxaburuk dio dantzak behar baino babes txikiagoa daukala, eta dantzariak diru laguntzen menpe bizi direla. “Instituzioek diru laguntzak ematen dituzte piezak sortzeko, baina gero ez dago dirurik programatzeko. Eta gu dantzariok bukle batean sartuta gaude: sortzera derrigortuta aurrera egin ahal izateko. Alde batetik, ondo dago, sorkuntza bakoitzak bizi esperientzia polit bat ematen dizulako, baina beste alde batetik, sorkuntza horiek ez daukate iraupenik”, adierazi du.

Horren aurrean, emanaldiak antolatzea aldarrikatu du, agertokietan zein kalean. “Kalean programatuta, dantza ezagutzera ematen da. Izan ere, jende askok ez daki dantza zer den ere. Hurbiltasuna lortzeko, dantza ezagutzera emateko, garrantzitsua da publikoaren eta sortzailearen arteko kaleko harreman hori”, dio.

Bere esanetan, Euskal Herri mailan gutxien ezagutzen den arte diziplina da dantza, “eta ez da egiten apusturik bere alde”. Horren haritik, hemengo errealitatea beste batzuekin alderatu du. “Europa mailan beste kultura bat daukate. Ondarroaren neurriko herri batek, adibidez, bere antzokia edukiko luke, bere dantza konpainia eta astebururoko programazioa. Polonian ikusten nuen hori. Zapato-domekero egoten ziren emanaldiak, eta jendeak bete egiten zituen antzokiak. Hori ez da hemen sekula pasatzen. Jendeak ez dauka ohiturarik. Nik uste dut heziketa falta dela, eta horretarako dantza ikusi eta ezagutu behar da; jendea horretan hezi”.

Umetatik egin beharreko lana da, Etxabururen iritziz. “Eskoletan ez digute erakusten zelan ahal garen mugitu; zelan espresatu ahal garen dantzaren bitartez, eta zelan atera gorputzaren barruko emozioak”, nabarmendu du.

Dantza mundura begira jarrita, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak ere eduki ditu aipagai. “Gizonezkoen pribilegioen lekuko gara. Dantzan ere badaude. Haiekin alderatuta, emakumeok exijenteagoak gara. Ondo ez, hobeto egin behar dugu, ze izan ere gehiago gara, eta geure arteko konpetentzia-edo sortzen da. Presio hori daukagu guk, eta gizonezkoek, ordea, ez”.

Sortzaile eta dantzari izateaz gain, Etxaburu irakaslea ere bada Markina-Xemeingo Uhagon Kulturgunean eta Zumaiako Musika eta Dantza Eskolan. Eta beti prest dago proiektu eta kolaborazio berrietarako. “Hain ezegonkorra izaten da gure lana ze, derrigortuta zaude proiektu askotan egotera, estabilitate ekonomiko eta mentala mantendu ahal izateko. Antolakuntza, agenda eta babes oso onak eduki behar dituzu”.

  • 11barri

  • Argazkia: Goretti Serrano Akarregi