11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Bizitzak erdigunera

Santamariak dio gaur egun produktibitatea eta irabazien metaketa bizitzen aurretik jartzen dela

  • Ainara Santamaria Barinagarrementeria

Ainara Santamaria Barinagarrementeria (Berriatua, 1988) kazetaritzan lizentziaduna da (2010, EHU) , Ikasketa Feministak eta Genero Ikasketak masterrean graduatua (2012, EHU) eta Euskal Kulturgintzaren transmisioan aditu ikasketaduna (2017, Mondragon Unibertsitatea). Doktoretua da, eta “Itxi, ireki edo klik. Euskal kulturari buruzko gogoeta-analisi bat musika-esperimentazio eta tradizioaren bidegurutzean” (EHU 2022) tesia argitaratua du Mikel Laboa Katedraren bekaren laguntzarekin. EHUko NOR Ikerketa Taldeko kidea da (Proiektu eta jarduera ezberdinen inguruan bildutako ikerlari taldea), eta horren baitan hainbat lan argitaratu ditu, zenbait ikerketa esparruri lotuta.

Gaur egun Santamaria Emagin Elkartean ari da lanean, ikerketaren alorrean. Bertan, zaintzaren gaia jorratu du ikuspegi feministatik, eta esperientzia horren emaitza da “Ez dadin bizitza eten” liburua, Miren Aranguren eta Monika Mendiberrirekin batera idatzitakoa.

Zaintzaren inguruan hausnartu du Santamariak.“Gaur egun uste dugu garapena edo ondobidea autosufizientzian dagoela oinarrituta, eta ez dugu ulertu elkarrenganako menpekotasun edo ekodependentzia ikuspegi batetik. Uste dugu gizakiok eta gure bizitzak autonomoak direla. Gure mundua infinitua bailitzan bezala jokatzen dugu. Ez ditugu gure bizitzak erdigunean jartzen. Horren aurretik jartzen ditugu produktibitatea edota irabazien metaketa”.

Gogorarazi duenez, hainbat herritan zaintza demokratizatzeko prozesuak aktibatzen ari dira tokian tokiko errealitatea hobetze aldera. “Landa eremuetan eta herri txikietan zaintza publiko komunitarioaren inguruan hausnartzen ari gara, eta erakunde publikoek zein komunitateak egin ahal dutena zehazten. Hori aldatzea ez da izango bi egunetako kontua, zaintza demokratizatzeak eremu askotan aldaketak egitea eskatzen du eta”, dio.
Bere esanetan, erakunde asko jabetu dira zaintza krisian dagoela eta gabeziak daudela. “Hori hainbat eragileri zor zaio, besteak beste, mugimendu feministari, zaintza langileei, etxeko langileen elkarteei eta zaintza lanetan dabiltzan emakume arrazializatuei. Azken urteetan gaiari eman dioten oihartzunak asko eragin du instituzioen barruan: gaian arreta jarri da”.

(*Nor ikerketa taldearen baitan egin dituen lanak  Inguma UEUk sortutako euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu-basean  daude aztergai).

  • 11barri