11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Begirada poliedrikoz

Etxebarriak antzerkigintzaz gozatzen du, oholtza gainean zein behean

  • Ainhoa Etxebarria Gómez

Ainhoa Etxebarria Gómez Ainhoa Etxebarria Gómezek (Ondarroa, 1993) kazetaritza ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Arte Dramatikoa Bilboko Artebi eskolan. EITBko Gaztea irratiko esatari izan da urte luzez, eta aldi berean telebistan, antzerkian eta zineman aritu da.
Azkenaldian, irratia utzi eta antzerkigintzan buru-belarri sartuta dabil, komunikabideei lotuta jarraitzen badu ere. Dela telebistan, dela irratian, parte hartzen segitzen du, proiektuak eragiten dion interesaren arabera. Adibidez, Gaztean urte askoan esatari aritu ostean, astean behin kolaborazioak egitera pasa da. “Bertan bakarrizketa bat sortzen dut, eta horrek ere badauka antzezle eta sortzaile puntu bat. Komunikabideak eta antzerkigintza gauza desberdinak dira, eta aldi berean elkarri lotuta daude”, adierazi du.
Etxebarriak aliantzak egin izan ditu herriko beste sortzaile batzuekin, besteak beste, Nerea Gartziarekin eta Ugaitz Alegriarekin. Elkarlan horien fruitu, 2021ean, Nerea Gartziak eta biek Bibitxa 2.0 antzezlana estreinatu zuten, emakumeen bizipenak umorez jorratzen zituen antzezlana. Besteak beste, Zaballako kartzelako emakume presoekin egon ziren, “esperientzia ederra” esan izan dutenez.

2025ean, berriro Gartziarekin, Hil da jainkosa formatu txikiko antzezlan arina sortu eta Bilboko Pabellon6eko Antzerki Arinen Jardunaldietan aurkeztu zuen. Kriselu Saria irabazi zuten lanarengatik. Hain zuzen ere, 2026an beste proiektu bat garatuko du Gartziarekin.

Antzerkiaren egoerari begira, baikorra da. “Umoreak oso momentu ona bizi du. Andrazko asko daude bakarrizketak egiten, eta horrek asko pozten nau. Emakumeok geure buruari egiten diogu barre, geure gauzak kontatzen ditugu. Beste era bateko umorearekin gatoz. Eta publikoa gogotsu dago beste historia horiek entzuteko, umorea egiteko beste era horiek ezagutzeko”. Taulatik jaitsi da hau esatean: “Ikusle modura, ederra da ikustea aukera zabala daukazula, eta oraindik lan handia badago egiteko ere, gustatzen zait momentu honetan dagoen hori balioztatu eta bultzatzea. Euskaraz umorea nahiko indartsu dago umorearen hizkuntza ere aldatzen doalako. Ni neu orain erosoago sentitzen naiz ikusten dudan umorearekin”.

Berriro oholtza gainean, hizkuntzaren afera atera du erdigunera. “Nik sortzen badut, euskaraz sortzen dut normalean. Hala ere, bakarrik  euskaraz antzerkia eginda bizi zaitezke? Bizi zaitezke, baina prekarioagoa da. Ekoiztetxe askok gaztelaniazko bertsioa ere kaleratzen dute, eta ulergarria da. Dena dela, gutxika-gutxika ikuslea ere badoa konplexuak kentzen eta euskaraz kontsumitzen”. Hain zuzen ere, horixe aldarrikatu du euskaraz kontsumitzea. “Animatu antzerkia geure hizkuntzan ikustera, konplexurik gabe. Beti ondo pasatuko duzu, eta beti egingo dizu ekarpena”.
Publikoak orokorrean umorearekin lotzen du Etxebarria, drama asko egina den arren. “Nahiz eta sortzen ari naizena komedia izan, beti antzeztu izan ditut bai paper komikoak, bai dramatikoak, eta nire azken lanetan ere bietatik egiten ari naiz. Aktore guztiak egoten dira sailkatzearen beldur. Hori ere zerbaitengatik izango da: egiten duen horretan onak direlako, alegia”.

Ikus-entzunezkoen alorrean, besteak beste, telesail hauetan ikusiko dugu: “Ella maldita alma” (Telecinco) eta “Tamara eta Mara” (Primeran).

  • 11barri