11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Bazterrean arreta

Kultur esparruan hegalekoa erdira ekartzea aldarrikatzen du Ikaranek

  • Leire Ikaran Vecina

EHUn publizitatea eta harreman publikoak ikasia, Leire Ikaran Vecina (Ondarroa, 1994) EITB Kultura saioko zuzendaria da, ETB 1en inguruko adierazpen kulturalen berri ematen duen asteroko saioa.

Horra heldu aurretik, hainbat lan esperientzia eduki izan ditu bere ikasketekin lotuta, besteak beste, Bilboko Sarea espazioan, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzan eta PNUDen (Nazio Batuen Erakundeko Garapen Programa) Argentinan, praktiketan. Puntu horretan, oharra: “Tartean, beti egon naiz tabernan beharrean. Hori esan behar dela aldarrikatzen dut, ze hori ere beharra da, eta tabernan beharrean gauza asko ikasten dira”.

Hego Amerikatik bueltan, EITB Kulturan erredaktore hasi zen Berde produkzioak ikus-entzunezko ekoiztetxearentzat, eta bolada batez Topagunearentzat lan egin ostean, hara bueltatu zen. “Zuzendaritzara pasatu nintzen, baina nik beti esaten dut kargu horretan lan bera egiten dugula gehi gauza gehiago kudeatu”, zehaztu du.

Ikus-entzunezkoek beti erakarri izan dute Ikaran. Horri men eginda parte hartu izan du hainbat proiektu eta sariketetan. KEU Agirretxea musikari eta bakarlariarentzat egindako bideo bat edo Lekeitioko Zine Bilerara aurkeztu eta aitortza jasotako lanak dira horren lagin. Orain, ostera, egitasmo pertsonalak pausan daude.  Edo ez. “Niri lanarekin gertatzen zait asko gustatzen zaidala. Beraz, nahiz eta gaur egun proiektu pertsonalik martxan eduki ez, lanak berak badauka proiektu pertsonal punto bat, batetik, astero sortu beharra daukagulako, eta bestetik egiten duguna asko gustatzen zaidalako”.

Lanaren fruitu, EITB Kultura telebista saioak 2025eko Argia Saria jaso du, lehiaketaren antolatzaileek arrazoitu dutenez “euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik”. Ikaranek eman ditu euren lanari buruzko beharrezko azalpenak. “Euskal kultur ekoizpenen korronte nagusitik irteten ahalegintzen gara, eta fokuz kanpokoa, arreta deitzen diguna, erdigunera ekartzen”. Eta dio horretarako askatasuna daukatela, euren programa “audientzien emaitzen morrontzatik libre” dago-eta, hain zuzen “prekaritate handia eta ezegonkortasuna” ekarri ohi duen faktorea.

Emakumeek ikus-entzunezkoetan daukaten presentziari begira, hauxe esan du: “Zuzendaritzak, beti modura, gizonezkoen esku daude. Aldiz, zinean aldaketa bat antzeman dut, lehen aldean zuzendaritzan askoz emakume gehiago daudelako. Hala eta ere, alde teknikoetan oraindik eremu maskulinizatuak dira. Horixe da kanpotik ikusten dudana. Hau da, ikus-entzunezkoan, beste arlo guztietan legez, kristalezko sabaia dago”.

Aurten Argian zuzeneko emanaldiak kritikatzen hasi da, ez ohiko begiradaz. “Iruditzen zait kritika bat ikuspuntu batetik egiten dela, eta kritika hori beste gorputz edo leku batzuetatik egitea da nire ekarpena. Ez da berdina kontzertu bat nik ikustea edo lehenengo ilaran dagoen gizonezko batek, zein beretzat espazioa hartzen ari den”. Era horretara, hausnarketari bidea eman nahi dio.

Ikusteko molde hori beste esparru batzuetara ere zabaltzen du. Ondarroako Betepaeta ekimenean, adibidez —autogestioan oinarrituta musikaren inguruan antolatzen den kolektibo bat—. Kontzertuen programazioan maskulinitatetik aldentzen diren beste gorputz batzuk egoteak asko aldatzen du panorama, ze ekartzen diren taldeen arabera, publikoa era batekoa edo bestekoa da, eta giroa ere berdin. Beste era batera esanda, programatzen egonda erabakitzen dugu zer nahi dugun sortu eta nondik”.

  • 11barri