Bakardadearen hegiak
Gandiagak bakardadearen inguruko Lea-Artibai mailako ikerketa egin du
-
Leire Gandiaga Arrieta
Leire Gandiaga Arrieta (Etxebarria, 1986) psikologoa da, eta arlo hauetan espezializatuta dago: haurrak eta nerabeak, arlo sistemikoa eta arreta goiztiarra.
Urte askotan egoitzetan lan egin izana da, eta horietan bakardade mota bat ezagutu du, nagusiena. Azken urteetan, ostera, umeekin eta nerabeekin ari da lanean, eta gaztengan ere antzeman du. Gaiaz interesaturik, eta master baten baitan, bakardadea ikertu zuen Lea-Artibain, hiru aldagaien inguruan: bakardadea, bakardadea eta atuoestima eta isolamendu soziala. Ikerketa 2024an amaitu eta aurkeztu zuen.
Galdeketan 18 urtetik gorako 153 lagunek parte hartu zuten: 104 emakumek eta 49 gizonek.“Egoera zibila ere aztertu nuen, eta alargunek bakardade handiagoa sentitu ahal dutela aurreikusi ahal bada ere, ez zen horrela izan, ze bakardade maila altuagoa erakutsi zuten banatuek edo dibortziatuek”, adierazi du Gandiagak. Adinari dagokionez, 18 urtetik 40 urtera bitartekoek zeukaten bakardade “maila altuena”, eta gizonak baino gehiago ziren emakumeak. Bestalde, nagusienek harreman kantitate gutxi zeukaten, eta gazteek, aldiz, handiagoa. “Hala ere, pertsona nagusien harremanak kalitate handiagokoak ziren gazteenak baino. Alegia, nagusiak nahiko ase zeuden zeukaten harremanekin”. Bestalde, uste bat kolokan jarri nahi izan du. “Nahiz eta bakardadea beti aspektu negatiboarekin lotu izan den, momenturen batean denok behar dugu. Eta bakarrik zaudenean sortzen dituzu askotan gauzarik interesgarrienak”.
Bakardadearen inguruko lana amaitu ostean, ikerketa gai posible bat zabalik geratu zen, hain zuzen, gizartean zelako harreman motak dauden eta zer baloratzen den. Horrek gaur egungo gizarte joeren albo kalteei buruz hausnartzera eraman du: “Harreman presentzialen faltak edo eta gehiegizko babesak nerabeen autonomiaren garapena galarazten dute. Gizarte modura ondo legoke arakatzea zer ari garen sortzen eta zer nahi dugun lortu”, dio.
Gaur egun, osasun mentalaren zainketak garrantzia hartu du. Halere, zuhur mintzo da. “Orain urte asko ez zen egoera emozionala aipatzen; ezin zen horri buruz hitz egin. Beti egon behar zinen ondo; ezin zenuen negarrik egin. Orain, ostera, berehala esku hartzeko bulkada dago. Eta nik diot: laga denbora. Bizitzan gorabeherak daude, eta beti ere ez da behar laguntza psikologikoa. Pertsonak berak ere badauzka erremintak, eta gaitasun horiek garatzen utzi behar zaio. Jakina, ondoez hori denboran luzatzen bada, neurriak hartu behar dira”, esan du. Hor sartzen da psikologoaren papera. Osasun sistema publikoan, ordea, bidea dago egiteke. “Lehen arretan beharbada familiako medikuak ez dauka ez formakuntza, ez denbora arreta psikologikorako, eta ondo legoke psikologoaren figura txertatzea”.
-
11barri

