11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Ahotsa emanez

Alazne Erdozia Azkorrak 25 urtetik gora egin ditu bikoizketaren munduan

  • Alazne Erdozia Azkorra

Alazne Erdozia Azkorrak (Lekeitio, 1961) Filologia Hispanikoa ikasi zuen, eta amaituaz batera, eskolak ematen hasi zen. ETBn bikoizketak egiten hasi zirenean, deitu egin zioten, eta lanbide hori irakaskuntzarekin uztartu zuen, harik eta lan egiteko aukerak bazeudela ikusi eta bikoizketa hutsean jarraitzea erabaki zuen arte.

Euskaraz, bere lehenengotariko lanen artean, Dragoi Bola animeko Krillinen ahotsa egin zuen. Hainbat behar etorri ziren gero, eta beti euskaraz aritu ostean, gaztelaniara jauzia eman zuen. Hizkuntza horretan, Shin Chan animeko Misaeren papera egin zuen, Shin Chanen ama; “arrakastatsuena” dioenez. Horrez gain, Erdoziak hainbat aktore ezaguni jarri dio ahotsa, besteak beste, Jamie Lee Curtis, Kathy Bates eta Maggie Smith aktoreei, azken hori Harry Potterren sagako Minerva McGonagall irakaslearen rolean, edo Pamela Ferrisi Matilda pelikulan Agatha Trunchbull pertsonaiaren papera gorpuztu zuenean. Horrez gain, hamaika dokumental eta saiotan parte hartu izan du.

Lekeitiarrak lanbidearen ezegonkortasuna eta atzera-aurrerak aipatu ditu. Lehenengo urteak hartu ditu hizpide. “Lanpostu finkoak gutxi ziren; estudio batetik bestera ibili behar izaten genuen, batez ere Bilbon, Galdakaon eta Donostian. Lan asko zegoenean, kotxean alde batetik bestera ibiltzen ginen”, adierazi du. Garai txarrak ere heldu ziren, ordea. “Krisialdiak bizi izan ditugu; lan gutxiko urteak. 90eko hamarkadan, adibidez, krisi gogor bat bizi izan genuen, eta bigarren lan baten bila aritu behar izaten genuen”, adierazi du. 2010etik, irakaskuntzan lan egin du “ia osotasunean”, ze egin ditu bikoizketa lanak ere.

Jubilatu berri, atzera begira jarrita, hauxe dio: “Batzuetan zaila izan da aurrera egitea, eta bidegabekeriak ere egon dira tartean. Gure lana ez da egon ganoraz erakutsita eta baloratuta. Beraz, zapore apur bat mingotsarekin geratu naiz, uste dudalako askotan gogorregia izan dela. Momentu polit asko egon dira, baina gogorrak ere bai”.

  • 11barri