11 Barri11barri

Diseinua eta komunikazioa euskaraz

Jarrai gaitzazu:

Ahotsa, bizitzarako gidari

Abeslari senez, Gómezek ibilbide luzea egin du soprano liriko gisa

  • Leire Gómez Aristondo

Leire Gómez Aristondo (Ondarroa, 1985) soprano liriko arina, irakaslea, itzultzailea eta interpretea da.

Umetatik izan nahi izan zuen abeslari. Ondarroako Musika Eskolan ibili zen, eta zeharkako txirula jotzen ikasi zuen. 16 urterekin, Ondarroako abesbatzan izena eman zuen, eta 17 urterekin Jose Ramon Arteta musika klasikoko konpositorearekin hasi zen kantu eskolak jasotzen. Beste irakasle entzutetsu batzuk ere eduki ditu, besteak beste, Nuria Orbea, Itziar Barredo, Olatz Saitua eta Miren Urbieta-Vega, eta eten gabe egon da formatzen.

Bilboko Arriaga kontserbatorioan sei urte egin zituen. “Benetan gogorrak izan ziren urte horiek, lanagaz uztartu behar izan bainituen. Gainera, Bilboko Operako Koruko kolaboratzaile ere banintzen momentu hartan”, azaldu du.

2009an Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziatu zen EHUn euskara, ingelesa, frantsesa, italiera eta oinarrizko errusierarekin. Urte berean, Irakaskuntzarako Gaitasun Agiriaren Masterra egin zuen. Gaur egun Gaztelania eta Literatura irakaslea da.

Ikasten ari zela, kantu lehiaketa batzuetan parte hartu zuen. 2011n, esate baterako, Euskadiko Musikari Gazteen V. Lehiaketara aurkeztu zen, eta 2. saria lortu zuen kantu kategorian, beste batekin partekatuta. 2014an, XV. Bilbao-Bizkaia Nazioarteko Kantu Lehiaketan, berriz, finalaurrekoetara iritsi zen.

2012an, Bilboko Operako Koruan kolaboratzen hasi zen, eta, urte batzuk beranduago, titularra izatera pasatu zen. 2022an abestu zuen azken opera. 2024an utzi zuen Leire Gómezek Bilboko Operako Korua.

2024ko azaroan, Berriatuko San Pedro elizan, Itziar Barredo pianoan zela, Jesus Aranbarri Garate musikagilearen omenezko kontzertua eman zuen, eta 2025eko ekainean Gau liriko korala eskaini zuen Ondarroako elizan Kantaize abesbatzarekin eta Itziar Barredo pianoan zela. “Kantuan zertarako gai naizen erakutsi nahi diot herriari”, esan zuen aurreko egunetan Hitza egunkarian.

Gómezek dio ahotsaren klasifikazioa ez dela kontu erraza. “Gainera, batzuetan, sentsazioa da bai ala bai etiketatu behar zaituztela. Etiketa hori ez da hain zehatza, ordea. Izan ere, ahots batek ezaugarri asko ditu. Ni neu betidanik etiketatu naute liriko arin bezala. Hala ere, nahiz eta nire ahotsaren ezaugarriak bide horretatik joan, edo erraztasuna eduki horrela kantatzeko, niretzat ez da erosoena. Erdibidean erosoago sentitzen naiz”.

Ondarrutarrak dio ekonomikoki sakrifizio handia suposatu duela bere familiarentzat kantu ibilbideak, eta herri txikiak desabantailan daudela. “Beti hiriburuetara jo behar dugu kantuan, edo, orokorrean, kulturgintzan karrera profesionala eduki nahi badugu. Eta horrek kostua handitzen du, jakina. Ez da bide erraza, harremanak egin behar dira, jendea ezagutu. Bestela, zaila da mundu honetan leku bat egitea”. Horrez gain, nabarmendu du dedikazio handia eskatu diola. “Urte asko izan dira, besteak beste, ikasketak, lehiaketak, lana, opera eta eskola magistralak uztartzen”.

Hausnarketarako tartea hartu du. “Gaur egungo gizartean kulturari ez zaio ematen beharko lukeen tokia eta lehentasuna. Murrizketak daudenean ere, kulturatik kentzen da lehenengo. Nahiz eta kultura pertsonon kritikotasuna eta sentsibilitatea garatzeko beharrezko tresna izan, ez da horrela ikusten”.

Berari kantuak zelan eragiten dion aipatu du. “Abesteak nire burua ezagutzeko aukera eman dit. Asko ikasi dut, eta egunerokotasunerako pila bat tresna eman dizkit. Oholtza gainera igotzen ere ikasi dut, urduritasuna kontrolatzen, arnasa hartu eta aurrera egiten. Pertsonalki, lan handia egin dut, baina nire gorputza eta horren funtzionamendua ezagutu ditut”.

Beste formakuntza saio esanguratsu batzuk

Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroak. Gehienetan Ana Luisa Chova irakasle valentziarrarekin eta Ruben Fernández Agirre errepertorioko maisuarekin, eta hauen kolaborazioarekin: Isabel Monar sopranoa (2007an), Jaume Aragall tenorra (2008an), Carlos Álvarez baritonoa (2009an), Maria Bayo sopranoa (2010ean), Carlos Álvarez baritonoa (2011n)  eta Maria Bayo sopranoa (2012an).

2010ean Iruñean eskola magistrala Itziar Barrero pianistarekin eta Isabel Rey sopranoarekin.
2012an eskola magistrala Alejandro Zabala errepertoristarekin.

2015ean Santanderren eskola magistrala Mozarten opera italiarretan zentratuta.
Bilboko Arriagan eskola magistrala Jaume Aragall tenorrarekin eta Husan Park errepertoristarekin.

2016an Bartzelonan eskola magistrala Victoria de los Ángeles fundazioaren Life Victoria festibalean Ian Burnside errepertorista eskoziarrarekin, eta Esti Sistiaga pianista-errepertoristarekin bikote eginda.

2022an Bilbon eskola magistrala Jessica Pratt soprano australiarrarekin eta Itziar Barredo pianoan zela.

  • 11barri