Ahots goran
Kantua, eguneroko burukominen sendagarri
-
Estibalitz Arrizabalaga Txurruka
Estibalitz Arrizabalaga Txurruka (Ondarroa, 1967) Bermeoko udal musika eskolako irakaslea eta zuzendaria da, UEUko musika saileko partaidea eta Unanue Kamara Koraleko zuzendaria. Hizkuntza musikaleko erdi mailako titulazioa eta goi mailako koru zuzendaritzako titulazioa dauka.
Arrizabalagari betidanik gustatu izan zaio abestea. Horregatik, Ondarroako Eskilantxarri kamara koralaren sorreran parte hartu zuen, 1989an, Unanue Kamara Koralaren hastapenetan. Udaletxe zaharrean entseatzen zuten, harik eta hurrengo ikasturtean udalak musika eskola zabaldu zuen arte. Izan ere, gela baten erabileraren truke, Eskilaintxarrik izena aldatu behar izan zuen, eta Unanue Kamara Korala izatera pasa zen. 1997an Arrizabalagak hartu zuen haren gidaritza.
Koralak hamar urte bete zituenean, jauzia eman zuten. “Koru munduan mugimendu berri bat sortu zen: koruaren irudi estatiko horrekin, karpetadunarekin, apurtu zen. Gorputz espresioa erabiliz, interpretazio estilo berriak lantzen hasi ginen. Eszenatokian mugimendua egotea bilatzen genuen, eszenifikazio desberdinak, eta hori publikoak eskertu egiten du”, esan du Arrizabalagak.
Urte hauetan guztietan, koruak ekimen ugaritan parte hartu izan du, Ondarroan zein Ondarroatik kanpo. Eta herritik kanporako esperientzien artean, badago bat oso esanguratsua: 2016ko Sochiko (Errusia) koru olinpiadetako urrezko domina eskuratu zuten polifonian Gernikako Gaudeamus koralarekin batera. 55 ahots zuri batu ziren, eta urte eta erdian “lan handia eta zorrotza” egin ostean, emaitzarik onena lortu zuten. Baina sariak ez dira errekonozimendu era bakarra zuzendariak dioenez: hainbat musikari, artista eta idazlerekin lan egin ahal izan dute, eta hori asko estimatzen du. Horren inguruan hauxe dio. “Gu hasi ginen sasoian emakumeentzako errepertorioa oso txikia zen. Gaur egun, ostera, nahi adina literatura koral daukagu, eta euskal konposatzaileena, asko”. Horrek beste gauza bat aipatzera darama: “Gure helburu bat da emakume konpositoreen lanak eta emakume idazleenak plazaratzea, ze obra koral bat ez da bakarrik musika; letra ere bada”.
Ondarrutarrak abesten jarraitzen du. Oñatiko ganbara faktoriako bi korutan dabil: Hots abesbatzan, emakumeena; eta Ganbara abesbatzan, mistoa. “Nik asko gozatzen dut kantatzen. Eta bien artean aukeratu behar badut, hau da, zuzendari edo kantari rolen artean, beti aukeratuko dut kantari rola”, dio. Dena dela, ez dauka baztertzeko zuzendaritzak ematen diona. “Gozatzen dut zuzendari modura ere, ze talde bat daukazunean aurrean, buruan daukazun hori zuk taldeari transmititzea eta taldeak era beren hori ikusleei transmititu ahal izatea baino gauza osoagorik ez dago”. Eginkizun batean nahiz bestean, “errealitate propioaz ahaztu eta egunerokotasuneko burukominak sendatzeko” balio dio agertokiko esperientziak.
Irakaskuntza
Musikan euskarari lekua egiteak ere sorrarazi dizkio makina bat buruhauste. “Musika beti izan da erdalduna, eta Bermeon eskolak ematen hasi nintzenean ikusi nuen bibliografia guztia gaztelaniaz zegoela; metodoak ere bai”, dio Arrizabalagak. Donostiako kontserbatorioan Begoña Arana Martija konposatzaile eta irakaslearekin euskaraz ikasi ostean eta hark zabaldutako atea zeharkatuz, UEUko musika saileko kide izatera pasa zen. “Talde ezin hobea topatu nuen. Lan ederra egin genuen musikan euskara sartzeko, eta horren emaitza izan da, adibidez, musikako euskal hiztegiaren sorkuntza”. Era berean, Euskal Herriko musika eskolen elkarteko zuzendaritzako kide ere izan da. “Hor ere akuilu modura ibili naiz euskara sartzen eta ikastaroak euskaraz eman ditzatela bermatzeko irakasle euskaldunak topatzen. Erronka izan da”.
-
11barri

